Hezitzaile berrientzat prestakuntza plana: “Ikasleak etorkizuneko bizitzarako hezi nahi ditugu”

Mundua eraldatzen, aldatzen doan heinean, aldaketa horiei guztiei egokitzen joan behar gara, eta hezitzaileak izanda, are gehiago; izan ere, etorkizuneko altxor txikiekin hartu-emanean gaude momentu guztian, eta ezinbestekoa da aldaketa guztiei egokitzea; hots, berrikuntza prozesua etengabea izatea: batetik eguneko eskaerei erantzuna eman ahal izateko eta, bestetik, erronka berriak gainditu ahal izateko.

Azken urteetan, paradigma berri honi jarraiki, ikasle-irakasle rolek aldaketa handia pairatu dute. Hezkuntza tradizionalean, irakaslearen argibideak entzutea zen funtsa eta berak esandakoa buruz ikastea. Ondorioz, ikaslearen kritikotasuna eta parte-hartzea alde batera utziz.

Gaur egun, aldiz, ikaslea da zentroa; bere ikaskuntza prozesuaren zuzendari eta protagonista. Ikasle-irakasle harremana, aldiz, gertukoagoa da. Irakaslea da hezkuntza prozesuaren gidaria eta erreferentea. Egungo hezkuntzaren helburu nagusia hiritar kritikoak eta globalak heztea da, egunerokotasunean dauzkaten erronka desberdinei erantzun bat emateko gaitasuna dutenak, hain zuzen ere. Horrez gain, hots, gizarteko arazoak ikuspegi kritikoarekin aztertzeaz gain, erantzun koherenteak, jasangarriak eta gogoetatsuak emateko gai direnak ere. Oro har, gizartearekin konprometituak daudenak eta era aktiboan parte-hartzen dutenak.

Helburu hori aurrera ateratzeko, berrikuntzari eta etengabeko formazioari zor zaion garrantzia ematen diogu hezitzaile berriok, bi hauek baitira etengabeko hobekuntza bermatzea ahalbidetuko duten gakoak.

Kontuan izan behar dugu gure ikastetxeko ikasle guztiak desberdinak direla; bakoitzak bere beharrizanak, interesak, motibazioak eta aurre-ezagutzak dituela eta, irakasleok garela honi erantzun bat bilatu behar diogunak eta horrez gain, ikasle bakoitzaren garapen osoa eta integrala ziurtatu behar dugunok. Hasieran ezjakintasunetik abiatuz eta pausoz pauso, norberaren burua trebatuz, baina formakuntza, lan talde eta ikerketa pertsonalari esker irtenbide egokia lortuz.

Gure ikastetxean arlo anitzetan formazioa jasotzen gabiltza: Mondragon Unibertsitateko hezkuntza fakultuteko ikerketa kideekin, HUHEZIrekin, batera metodologia aktiboak lantzen gabiltza, gure praktikak berraztertzen, irtenbide berritzaileei bidea egiten; IKT-en erabilera sustatzen; ikasketa kooperatiboa bultzatzen; ikasleei eta maila bakoitzari egokitutako elkarbizitza saioak planteatzen; hezkidetza egunerokotasuneko praktiketan eta ahotsetan integratzen… Hauek guztiak erakunde ezberdinen eskutik. Horretarako eta proiektu zabal hauei irtenbidea eman ahal izateko, lan taldeak, proiektuak eta helburuak oso ondo definituta eta planifikatuta ditugu.

Aipatutakoez gain, hezitzaile berriok beste era bateko formazioa jasotzen dugu, ikastetxearen historia, misioa eta bisioaren eta Jesusen Lagundiaren ezagutzarekin erlazio zuzena daukana. Batzuk Jesuitak ikastetxeko ikasle ohiak gara; beste batzuk, aldiz, orain dela gutxi ikastetxean gure ibilbidea hasi dugunok. Formazioa bera bada ere, hura sentitzeko eta bizitzeko erak oso pertsonalak dira.

Ikasle ohiak garenok eskolako oinarriak aurretik ezagutzen ditugu, txiki-txikitatik eskolan hezi eta haziak izan baikara. Hala ere, eta hezitzaile berrien formakuntzari esker, historia ezagutzen dugula konturatu gara; barneratuta dugula.  Formakuntza jaso dugunoi, zintzotasunez hitz eginda, prestakuntza honek eskola bere sakontasunean hobeto ezagutzen lagundu digu: eskolako misio zein ikuspegia zein den ulertzen; Jesuiten ibilbidearen nondik-norakoak gureganatzen; Jesusen lagundiaren ikastetxeek sare sentimendua sustatzen duten taldea garela bizitzen…

Guzti honek, gure burua eskolan hobeto kokatzeaz gain, bertan izan nahi dugun irudia eta eredua, eta egiten duguna zergatik eta zertarako egiten dugun hausnartzera eraman gaitu. Gure aburuz, prestakuntza, zentzu zabalean ulertuta, guztiz  beharrezkoa da gure ezagutzak berritzeko eta gure zereginetan gureganatutako hori islatzeko.

Azken finean, gure lanaren helburua gizartean eragingo duten pertsona kritikoak heztea da, gu, hezitzaileok, eredu izanik. Sentitzen, pentsatzen eta egiten dugun horretan koherentzia erakutsiz.

Hezkuntza mundua eraldatzeko tresnarik eragingarriena da. Hezitzaile berriok, hiritar kritikoak, aktiboak, justuak hezi nahi ditugu, solidaritatea eta guztion ongizatea oinarrian dutenak. Gure ikastetxearen historiak aurrera egiten du; hasieran gutxi batzuen ideia eta ametsa besterik ez zenak aurrera egin du. Hezitzaile berriok Inazioren eta inguruko hezitzaileen lekukoa hartu dugu eta gure lekua aurkituz goaz; bidea zabalduz goaz. Ikastetxeko eta gizarteko erronkei erantzuna eman nahi diegu, eta horretarako, argi daukagu etengabe formatu, ikasi eta elkarbanatu behar dugula.

Olatz eta Alaia

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×