2. DBHko Konbibentziak: taldea eta fedea indartzeko aukera

Azaroaren amaieran, lehenengo ebaluazioa amaitu bezain pronto, 2. DBHko tutoreak, kurtsoko pastoralistokin batera, konbibentzia saioak aurrera atara genituen. Ikasturtea hasi zenetik, ikasleak talde berean lanean aritu dira, egunero haien ikasketa prozesua elikatuz eta elkarrengandik ikasiz. Taldean eta kooperazioan egiten den ikaskuntzan aurrera egiteko asmoarekin, Mañanarira joan ginen egun oso bat igarotzera, helburua talde kohesioa, konfiantza eta komunikazioa handitzea zelarik.

Ikastetxeko kaperan girotu genuen eguna. Helburu nagusia elkarrekin eguna igarotzea zela ondorioztatu eta gero, Konbentu kaletik gora Izurtzako presara abiatu ginen. Bertan, uraren indarrari erreparatu eta oreka aurkitzeko joku kooperatiboa egin genuen. Norbanako batzuen desoreka, beste batzuen orekarekin berdindu daitekela frogatu genuen: lehenik bikoteka, gero laukoteka eta amaieran, talde osoa orekan. Beldurra zein konfiantza bezalako sentimenduak azaleratu ziren, baina zintzoz eta gogoz gure talde helburua lortu genuen.

Gure helmugara bidean; hots, Mañarira bidean, elkarrizketa txikiak egitea proposatu genuen, non ikasleek gai ezberdinak askatasunez jorratu zituzten. Ikasleak konfiantzaz beteta zeuden, gaiak eta berbalagunak aldatuz, norabidea galdu barik eta erritmoa lasaitu barik. Honi esker, ikasleek bidai laburretan, egunero egiten ditugun ibilbideetan, alegia, hausnartzeko denbora atera daitekela ondorioztatu zuten.

Behin Abade etxearen beheko solairuan kokatuta, norberaren bidaia koadernoan idatzi zuten barrutik bizi, ikasi eta sentitu izandakoa. Koadernoa barne komunikazio tresna nagusi gisa baliatzen dute, sarritan lagun eta ikaskideen aurrean ahozkatzen ez dituzten hitzak bertan gordetzen baitituzte. Nork bere burua hustu eta gero, lasaitasun giroan klaseko egoeren inguruan eztabaidatu eta komunean irtenbideak bilatzeko aukera izan genuen; baita fedean, sinismenetan eta balioen inguruan gure usteak eta iritziak elkarbanatzeko aukera izan ere. Talde kohesioa eta komunikazioa handitu zen; Ikastetxeko lau hormetatik aratago ere, taldea izaten jarraitzen dutela ikasiz.

Bazkalorduaren ostean, Mañariko parajeak ikertu eta egunean zehar bizi izandakoa barne begirada baten bitartez aztertzeko, hausnartzeko denbora izan genuen. Bidaia koadernoan horren berri eman eta zintzotasun osoz Jesusen galdera erantzun genuen: nor da guretzat Jesus? Erantzun eta sinismen guztiak kartulinetan bildu eta oinez itzuli ginen Ikastetxera. Ibilbidea bera izan zen, ikasleak ez, ordea. Inaziotar Pedagogiaren lau ardatzak lantzeko ezinbestekoak izan ziren konbibentziak: koherentzia, ardura, parte-hartzea eta konpromezua.

 

Kategoria: Ikaste-irakaste, Inaziotar Izaera

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×