“Elkarrekin bizi”: laguntasuna, elkarbizitza, ikasketa.

2015-2016 ikasturtean, San Jose Jesuitak Ikastetxeko ikasle eta irakasleek, Astarloako Nagusien Egoitzarekin batera, “Elkarrekin bizi” proiektua martxan jarri genuen. Orain dela bi urte, Sorkun Abaunzak, Astarloako Nagusien Egoitzako lankideak, gure eskolako atea jo zuen ekintza-proiektu bat aurrera ateratzeko nahian zebilen eta. Sorkunek bere aurretiko esperientzia kontatu zigun eta erronka berri horri ezin izan genion ezetzik esan. Lehenengo urtearen esperientzia paregabea oso positiboki baloratu genuen eta geroztik, urtero martxan jarri dugun proiektua da. Aurten hirugarren urtea izango da.

Proiektuaren helburu nagusia, gure gizarteko nagusiak eta 10-12 urte bitarteko neska mutilak elkartzea da, hain zuzen ere, bakoitzak duena eta bakoitza dena besteari eskaintzeko.

Itxuraz oso urrun dauden talde bi badirudite ere eta bizipen ezberdinak badituzte ere, elkarrekin hartu-eman handia izan zezaketelako proiektua ilusioz diseinatu genuen. Horrela, aste bakoitzean gela bateko eskolako ikasleak ordu betez egoitzara joaten dira bertako nagusiekin egotera: jolastera, mintzatzera, entzutera, izatera… Laguntasuna eta alaitasuna konpartitzeaz gain, elkarrekin egotearen gogobetetasuna, elkarrengandik ikastea eta belaunaldi desberdinen arteko bizierak ekartzen duen onuraren esperientziaz gozatzea dira heleburuak.

Lehen esperientziak kontuan izanik, proiektuari “Elkarrekin Bizi” izena jartzea adostu genuen; izan ere, izenarekin, proiektua biziagoa bilakatu zen. Proiektuak urtez urte aurrera egin ahala, unean uneko egoera ezberdinetara egokitzen joan gara.

Ikasleek bereziki proiektu honetan zeresan handia dute. Proiektuari eta haien esperientziei buruz galdetzerakoan, horrelako erantzunak luzatzen dizkigute: “Oso ondo pasatzen dugu!”; “Euren aurpegiak, irribarreak, espresioak ikustea gustatzen zaigu, pozik jartzen baitira”; “Abestiak ikasten ditugu elkarrekin”. Eta esperientzia guztia laburbiltzen duen azken hau: “Ez genuke esperientzia hau kenduko!”

Irakasleok gure ikasleentzat bizipen eta esperientzia ezin hobea dela uste dugu. Jesuitak Ikastetxeko misioa, bisioa eta baloreekin bat datorren proiektua da; horrela, maitasuna, estimua, eskuzabaltasuna, ardura ikasi eta bizi egiten baitute.

Honegatik guztiagatik, eskerrak eman dizkizugu Sorkun, zure proiektua eta ilusioa Ikastetxeko ikasleekin elkarbanatzeagatik. Eskerrik asko Astarloako Nagusien Egoitzeko nagusiei eta Ikastetxeko ikasleei ere. Proiektua eta elkarlana urte askotarako izan daitela espero dugu.

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×