Emakume ausartak: Eunate eta bere pasioa.

Emakume ausartak kategoriaren baitan, San Jose Jesuitak ikastetxeko emakume ezberdinen bizipenak, istorioak eta izaerak helaraziko dizkizuegu. Batxilergo lehen mailako Eunatek eta bere pasioak azpiatal honi hasiera ematen diote.

Oraindik badaude irabazi gabeko erronka batzuk kirolean: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko beharra, gutxiengoan dauden kirolak bultzatzeko premia, gazteengan kirolarako griña indartzeko egokitasuna… Gure Ikastetxeko Eskubaloiko kanteratik sortutako jokalari eta emakume ausarta den Eunateren pasioak guzti horretaz hitz egiten digu.

Eunate Oregi naiz, 16 urte ditut eta eskubaloia nire pasioa da. Txikitatik hasi nintzen eskolako taldean jokatzen eta hasieran lagunek egiten zutelako praktikatzen nuen gehienbat. Baina laster konturatu nintzen espero nuena baino askoz gehiago gustatzen zitzaidala eta niretzat eginiko kirola zela zirudien. Horregatik, eskerrak eman behar dizkiet hasiera-hasieratik etxeko klubean nirekin egon diren Miguel Perez, Bego Oskoz eta Ikerri.

Urte guzti hauetan zehar Bizkaiko eta Euskadiko selekzioen parte izateko zortea izan dut maila guztietan. Lehenengo urtean guztiz sorpresa izan zen niretzat, ez nuen inondik ere espero. Orduan lagun asko egin nituen eta batzuk ibilbide guzti hau nirekin egin dute. Momentu horretan ikasi nuen eskubaloiak emango zidana kirol arloa baino harago zihoala.

Baina zoritxarrez ez da dena ona izan urte hauetan zehar. 2015an aurreko ligamentu gurutzatua puskatu nuen eta ebakuntza jasan ondoren ia urte bete egon nintzen geldirik jokatu gabe. Egia da gogorra izan zela, baina gauza mordoa irakatsi dizkit lesio honek.

7 urtetan ikastetxeko taldean jokatu ondoren, taldez aldatzea proposatu zidaten, Kukullaga taldera hain zuzen ere. Hori 2016an izan zen, belauneko lesiotik atera bezain laster eta baiezkoa eman nuen; izan ere, talde berriko gehienak ezagutzen nituen, selekzioan elkarrekin jokatu dugulako. Egia da hasieran pena pixka bat eman zidala, baina oso gogotsu nengoen talde berrian eta Euskal ligan lehenengoz jokatzen hasteko.

Ikaragarrizko denboraldia izan zen iazkoa. Bizkor egokitu nintzen entrenatzaile eta taldekide berriei eta izugarri disfrutatu nuen nire lehen denboraldia. Euskal liga irabazi ondoren, Espainiako sektorea jokatu genuen eta ez ginen Espainiako txapelketa jokatzera pasatu. Hala ere, esperientzia ezinhobea izan zen.

Aurtengo Gabonetan ere Euskal Selekzioarekin Espainiako txapelketa jokatzeko zortea izan dut, oraingoan urte bat zaharragoekin. Egia da taldeko gazteenetarikoa izatea pixkat gogorra dela hasieran, baina taldekideek ederki tratatu naute eta giro oso ona izan dugu gure artean. Hasierako partiduen emaitzak ikusita, domina irabazteko itxaropentsu geunden, baina ez genuen zorterik izan final laurdenetan eta Kataluniak garaitu gintuen. Hala ere, txapelketa oso ona jokatu genuen eta 18 selekzioetatik seigarren gelditu ginen.

Hurrengo urtea azkena izango da jubenil mailan eta hortik aurrera…. Auskalo! Klubeko talde nagusian jokatzea gustatuko litzaidake, baina ez da bat ere lan erraza izango hara heltzea.

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×