Eskola inklusiboa: teoriatik ekintzetara

Nazioarteko aitortza duen irakasle eta ikertzaile Tony Boothek nabarmentzen duen bezala, hezkuntza inklusiboa gizarteak garatu beharreko prozesu bat da.

Eskola ezin da gizartetik isolatu; gizartearekin komunitatean landu behar dugu inklusioa. Eskola inklusiboa herri inklusiboan, hiri inklusiboan eta gizarte inklusiboan beharko du izan. Gizarte osoa egon beharko gara konektaturik eta elkarrekintzan begiratu beharko diogu aniztasunari, migrazioari eta ingurumenari ere. Balio inklusiboen markoa partekatu beharko dugu, balio horiek ekintzetan adieraziz. Asko dira praktikan jarri beharreko balio inklusiboak: berdintasuna, eskubideak, dibertsitatearekiko errespetua, jasangarri tasuna, zintzotasuna, errukia, maitasuna, alaitasuna, kolektibitatea, jakinduria, komunitatea, indarkeriarik eza, konfiantza, edertasuna, gozamena, itxaropena…hauek izango dira elkarrekin nola bizi nahi dugun galderari erantzungo dioten balioak. Ezinbestekoa da balio guzti horiek kontutan hartzea hezkuntza inklusiboa nahi badugu. Zerrenda luze horretatik bateren bat baztertuz, hezkuntza mugatuko genuke. Nola lortu umea loratzea ez badago giro egokian? Nola bizitzarentzat jasangarria den ingurumen egokia ez badugu? Ura adibidez, baliabiderik garrantzitsuena da planeta osoan. Urak guztiok konektatzen gaitu. Ura inklusioaren sinbolo bat da.

Erantzun zehatza behar duten kontzeptuak dira. Landu beharreko balioak ekintzetan adierazi behar dira. Heziketa munduan, kontzeptu zail hauek , inklusiorena adibidez, posible egiteko, prestatuta egon behar gara erantzun zehatza izan dezaten. Balioak ekintzetan jarri behar dira. Balio inklusiboak eta ez esklusibo edo baztertzaileak hain zuzen ere: komunitatearen balioa, talde txikien balioaren ordez, aniztasunaren balioa; kultura bakarrekoaren balioaren ordez, errukiarena eta ez berekoikeriarena, maitasuna autoritatearen ordez…

Balio inklusiboak ekintzekin konektatu behar ditugu. Balioen markoa ez da teorikoa izan behar, praktikan jarri behar da. Pentsatu baino gehiago egin egin behar dugu. Maitasuna balio garrantzitsu bezala duen eskolan adibidez, ume batek ezin izango du bakarrik dagoen ume bat ikusi eta berarengana hurbildu gabe geratu edo eta atzerritik datorrenari ongi etorria eman ez eta taldekide ez sentiarazi.

Jesusen Lagundiak lan handia dauka eginda gai honen inguruan eta gure eskolako proiektua ere oinarri sendo hauetan sostengatzen da. Hainbat dira, balio inklusiboak sustatuz, ditugun plan eta proiektuak:

  • Aniztasun proiektua
  • Lan kooperatiboa
  • Etorkinei egiteko harrera plana
  • Elkarbizitza
  • Hezkidetza
  • Hiritartasuna
  • Barnetasuna
  • Pastoraltza
  • Agenda 21
  • ….

Aspaldi abiatu ginen amestutako bide honetan, eta gure egunerokotasunean, ekintzetan islatzeko lanean gabiltza buru-belarri komunitate osoa (hezitzaile, guraso eta ikasleak) elkarrekintzan.

Planeta gaixo dago eta biztanleak ere asko dira gaixo. Izan ditzagun balio inklusiboak sendagai. Har dezagun planeta ikas toki eta atera dezagun gure eskola gure hormetatik, eta denok desberdin, baina funtsean bat garen mundu honetan, joka dezagun gizatasunez. Bazter ditzagun jarrera baztertzaile eta suntsitzaile edo jasangaitzak eta aldarrikatu ditzagun benetako esanahia duten balio inklusiboak.

Kategoria: Gizarte eragina, Ikaste-irakaste

Etiketak: ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×