Euskera aldi oro

“Euskaraldia”ren biharamonean “Euskeraren nazioarteko eguna” ospatu berri dugu Jesuitak Ikastetxean.

Bizi izandako esperientziaz gogo berrituak, Euskerak Ikastetxea osatzen dugun guztion beharra duela ohartu gara, ikasle, irakasle, ikastetxeko langile, guraso eta aitonena.  Horretaz gain, hurrengo 365 egunetan gure hizkuntz ohituretan tinko eta sendo euskeraz aritzearen aldeko hautua berriztu genuen, bakoitza bere errealitatera egokituz, gure ikastetxean “euskera aldi oro” egin eta entzun daitekeela frogatu ahal izateko.

Ikasleek egindako manifestua konpartitzen dizuegu

EUSKERAREN EGUNA 2018: “EUSKERA ALDI ORO”

Abenduaren 3a den honetan, berriz ere Euskeraren eguna ospatzeko asmoz, egun hotz honi epela ematera goaz.

Gaurkoa, gainera, “euskeraren egun” berezia dela pentsa dezakegu, Euskaraldiak proposatu digun ariketaren ostean baitator. Ahobizi edo Belarriprest txapa jantzi eta hor ibili gara hamaika egun hauetan, gure erabakia aurrera eramateko estrategia ezberdinak erabiliz eta eroso sentitzeko bideak bilatzen. Bide horretan espero ez genituen “txapadunak “ere bidelagun izan ditugu, aurreritziak alde batera utziz. Etxean, lagunekin, kalean, hasieran ez da erreza izan baina aldaketak finkatzen doazela jabetuz joan gara. Gure erabakiarekin ados ez dagoen jendea ere bidean aurkitu izan dugu. Ez dio axola, gure erabakia izan baita, ez besterik. Gure estrategia eta aterabideak sendotzen doazen heinean gure ohiturak ere aldatuz joan dira eta ….

Euskaraldia amaitzear dagoela pentsatzen ari garen honetan, ekitaldiaren 11.egunean gauden honetan (“11 egun euskeraz”), gauza garrantzitsu batez konturatu gara, egunik garrantzitsuena, ez dela hau, aurreko beste hamarrak ere ez, baizik eta bihar, etzi eta etzidamukoa, euskeraz gure etxe, kale, lagun arte eta eskoletan jardunean emango ditugunak baino.

Musikari bakar batek ezin du orkestra oso baten doinua aldatu, zuzendariaren eta gainontzeko musikarien laguntza gabe. Euskal hiztun bakar batek nekez aldatuko ditu hizkuntza ohiturak, gizartearen babesik izan ezean. Zuetariko bakoitzaren beharra du Euskerak, ikasle, irakasle, ikastetxeko langile, guraso eta aitonena. Orain, eta hemendik aurrera, euskeraren erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu ardura nagusia, gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskeraren aldekoak bihurtu daitezen. Guztion elkarlanarekin lortu dezakegu, polikiroldegitik abiatuz, jolasleku eta karraju guztietatik haratago, gure lagunekin, guraso eta aiton-amonekin euskeraz sarriagotan eta gustorago arituz. Egun honetako oihartzunak hurrengo 365 egunetan ere islada izan dezan, gutariko bakoitza, malgutasunez, bakoitza bere errealitatera egokituz, saia gaitezen Euskera gehiago erabiltzen, era horretan gure ikastetxean “euskera aldi oro” egin eta entzun daitekeela frogatu ahal izango baitugu.

Konpartitzen dizkizuegu Haur Hezkuntzako eta “Euskeraren egunean” izan genuen ekitaldiaren argazki batzuk.

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×