Hezkuntza eraldatzailearen erronka: bai, bagara!

Zerk inspiratzen gaitu? Ze amets daude gure eguneroko asmoetan? Zeintzuk dira gure proiektuaren sustraietan mantentzen diren egiak?

EGI2020 proiektua marraztean, orain dela hiru urte, sakonetik ateratako ideiak eta baieztapenak adierazi genituen, beti ere gure egien sustraietan oinarrietatik edanez. Gaur egun, oraindik ere, zerumuga handia eta sakona begiztatzen uzten diguten hitz handiak eta erabaki txikiak zeuden sustrai horietan. Bizitzan bezala, zerbait handiarekin amestera bideratzen gaituzten eta ilusioa eragiten diguten erabakiak daude gure eguneroko asmo eta lanetan.

Zera esaten genuen “Garena hitzetan” izena eman genion proiektuaren hasierako hitzetan: Gure garai hauetan, hezkuntzaren iraultza bizitzen ari garen garaietan, berrikuntza helmuga batean bihurtu dela dirudi. Gu ez gara “per se” onenak izateaz edo “berrikuntzak txertatze” hutsagatik berritzeaz ari; ignaziotarrago izateaz eta gaur egun ignaziotar izaten jarraitzeko modua bilatzeaz ari gara. Diotenez, eta ez dugu zalantzan jartzen egiazkoa izan daitekeenik, une jakin batzuetan, zu zeu aldatzen ez bazara, aldatu egiten zaituzte. Aldatzeak zer esan nahi du: hautatzea, erabakiak hartzea, eta horien bidez zerumuga batera eramango gaituen bidea moldatzea.”

Begi bistakoa denez, hezkuntzaren inguruan hausnartzen jarraitzeko momentu egokia izaten jarraitzen du. Gure inguruko esparru askotan hezkuntzaren aldaketaren emergentziaz mintzatzen ari da, oraindik ere. Guk geuk ere argi daukagu hezkuntzak etengabeko hobekuntzaren beharra daukala, munduak eta bere kezkak deika dabiltza eta; gure ametsak bilatzen eta aukeratzen jarraitzeko une egokia da, gure bide propioak jarraitzeko eta gure pertsonen indarrez baliatuta hausartak izateko unea da. Mundu gatazkatsu honek  hori eskatzen digu: 

(http://www.educaciontransformadoraglobal.org)

Baina badago beste galdera bat, gure buruari hasieratik egin beharrekoa, eraldaketari buruz hitz egiten hasi aurretik: Zertarako hezi? “Mundua deika ari zaigu”, esan dogu askotan. Baina zelan erantzun dei horri? Kontraste eta aukeren mundu honetan, bere kontraesanekin, bete behar dugu hezteko eginkizun eta konpromisoa. Ikaslearen beharrak eta mundu gatazkatsuaren deiak gure heziketa lanaren erdigunean jarriz gero, argiren bat ikus dezakegu aurrera eroaten gaituen bide honetan.

Pertsona sendoa heztea izan behar da gure lehen konpromisoa. Pertsona bakoitza bere berezitasunean heziz, bere gaitasun, ahalmen eta mugetan lagunduz. Pertsonaren dimentsio sakonena hezitzeko, ikastetxea bera leku esanguratsu bihurtu behar dugu: ikasle, familia eta hezitzaileen arteko elkarlanaren emaitza izan behar da hau. Leku esanguratsua izatean, gizartearen elkargune izan behar dugu, kulturaren sustatzaile, pentsamendu kritikoaren sortzaile eta bultzatzaile.

Eraldaketa sozialarekiko eta politikoarekiko dugun bistako konpromisotik, beti sentitu izan gara Durangoko eragile aktibo, gure inguruneko benetako kezkekiko gertu, begiak beti irekita eta eskuak luzatuta. Gertutasun horrek berak egungo errealitateak eskatzen digun aldaketara irekita egotera bultzatzen gaitu: “Baztertuta eta barneratuta dauden”, “hemengo eta hango” pertsonak eta errealitateak gerturatzeko eta lotzeko gure bokazioa areagotu nahi dugu. Horretarako, gure hezkuntzatik abiatuta, benetan solidarioak diren pertsonen adimenak eta bihotzak eratzen lagungarriak izango diren esperientzia eraldatzaileak eskaintzen ditugu.

Hona hemen ALBOANen hitz batzuk, guretzat inspirazio bihurtu direnak: “Mundu hau aldatu egin daiteke eta aldatu egin behar da ikuspegi global konprometitua eta eraldatzailea duen herritartasunetik abiatuta”.

(http://www.educaciontransformadoraglobal.org)

Eskola-proiektu batek ezin dio bere buruari bakarrik begiratu. Ingurura begiratu behar du, gizartearen egoerari, gizartean egoteko modu berriei, bizi estiloei begiratu behar die, inor baztertu gabe, pertsona guztiak kontuan hartuko dituen gizarte-eraikuntza ahalbidetzeko. Elementu horiek aintzat hartzen baditugu, eragin publiko positiboa egitea lortuko dugu eta gizartearen sentsibilizazio handiagoa sendotuko da. Gure indarguneen artean dago Durangoko izatearekin, bertako kulturarekin eta hizkuntzarekin, euskararekin, bat egiten asmatu izana. Baina eragin hurbil eta zuzen honen bitartez urrunago eragin nahi dugu: munduaren eraldaketan. Asmo hau euskagrri izanda, hainbat erabaki eta proiektu martxan jarri ditugu azken urteotan: “Boluntariotza“, “Elkarrekin bizi“, “Ankur“, “Mugetatik Haratago“, “Elkarbizitza behatokia eta foroak“, “Hirirtartasun proiektua eta lantaldea“, “Kulturartekotasuna proiektua” besteak beste.

Durangaldeko gizartearekiko konpromisoa, intzidentzia sozial eragingarriagoa lortzeko lan honek badauka parean beste hezkuntza erronka bat: herritartasun globalerako hezkuntza eraldatzaile erreala bideratzea. Bide honetatik jarraitu nahian, orain dela hiru urte sortutakoa eta InteRed, Entreculturas, Oxfam Intermón eta Alboan erakundeek bultzatzen duten Hezkuntza eraldatzailearen eta hiritartasun globalaren aldeko mugimenduaren partaide gara. Horrezgain, Edukalboan Sarearen kide zintzoak gara: gizarte justuago, barneratzaile eta berdintasunaren aldeko bat eraikitzeko eta sakoneko desberdintasunen aurka egiteko konpromezua duten hezitzaileen sarea, hala nola. Sare hau osatzen dugunok, zinez uste dugu Hezkuntza dela eraldaketa pertsonala eta soziala eragiteko tresna giltzarria.

Horrela, hezkuntza eraldatzailean etorkizun eta zerumuga bat ikusten dugu eta ALBOANekin batera osatzen dugun sare honetan parte izaten jarraitu nahi dugu

 

 

 

Mundua desberdina izan daitekela uste dugu. Hezkuntzaren bidez, mundua hobetu dezakegula. Hezitzailea eraldaketa prozesua errazten duen ardatza dela. Baieztapen borobilak, bai. Esandakoak dira gure amets, asmo, inspirazio eta gure proiektuaren sustraietan jarraitzen duten egiak.

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×