Gotzon Garate Sj-ren lagun baserritarrak eta adiskideak batu dira Durangoko San Jose Jesuitetan

Maiatzak 1ean, San Jose langilearen egunean, ikastetxeko elizan hasi zen urteroko topaketa. Zazpi euskal lurraldeetan ibili zen Gotzon hizkuntzalari, irakasle eta idazlea baserrietako euskara aberatsa jasotzen. Azken hogeita bi urteotan bere ondoan, eta azkenengo 10etan bere omenez, bildu izan gara maitzak 1ean. Berak kontatu zigun Durangoko jesuiten ikastetxean ikasi zuela eta bertan hamabi urterekin euskaltzaletu egin zela, Azpeitiko ikaskide batzuei esker. Denbora asko pasatuta Gerediaga Elkarteak Argizaiola saria eman zion eta ez zion sekula huts egin Euskal Liburu eta Disko Azoka bisitatzeari. Guzti horregatik aukeratu genuen Durango eta bereziki ikastetxea.

Bere heriotzaren 10. urteurreneko meza ospatu eta gero, Arrupe Areton ekitaldi hunkigarria egin genuen bere biografia argazkien bidez gogoratuz. Gero udaletxera abiatu ginen non Aitziber Irigoras alkate anderea gure zain zegoen. Ongi-etorri beroa eman zigun plenoen aretoan hitzalditxo baten bidez. Jarraian Andra Mariko basilika ederto erakutsi zigun bertoko organujole den Xabier Arana lagunak. “Kurutziaga” gurutze historikoa izan zen azken ikustaldia, Vera-Cruz ermitaren museo politean ondo babestuta eta hornituta dagoena.

Hortik Plateruena Kafe Antzokira joan ginen bazkaria egitera. Leku ederra izan zen hirurogeita hamahiru lagunentzat. Kafe orduan elkarren berri emanda, ikastetxeko azken erabaki bat plazaratu genuen: ikastetxeko hainbat aretori izenak jarriko zaizkie eta horietako batek “Gotzon Garate Aretoa” izena eramango du.

Aurtengo batzarra kantu zahar eta dantza batzuekin amaitu genuen trikitixaren erritmo biziekin. Zalantzarik gabe Durangoko topaketa hau ez dugu erraz ahaztuko.

Koldo Katxo Sj

Kategoria: Uncategorized

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×