Eskerrik asko familiak egokitzapen aldian umeei laguntzeagatik!

Zein gustura egon naizen zuen babesean opor luze hauetan. Goizero, ni neu esnatu arte, lasai egon ahal izan dut ohean. Inolako presarik gabe gosaldu dut, eta ondoren, etxean zein kalean, zuekin egon naiz.

Baina orain, ez dut ezer ere ulertzen: Zergatik joan behar dut eskolara?

                                                                      Zergatik joan behar dut eskolara?

                                                                      Zergatik joan behar dut eskolara?

Ez dut nahi. Ez nago pozik. Zuekin egon nahi dut. 

Urtero legez, iraileko lehen egunak haurren lehen eskola egunak dira. Haurrak familiaren babesetik eta berotik, hots, haien konfort gunetik urrundu eta bat-batean espazio berri baten kokatzen dira. Garai honetan, “Zergatik joan behar dut eskolara?”, “ez dut nahi”, “ez nago pozik”, “zuekin egon nahi dut” tankerako esaldiak entzun ohi dira. Familiarengandik bereizteak tristura, beldurra zein segurtasun-eza eragin diezaieke haurrei. Beraz, egoera eta bizipen deserosoak saiheste aldera, egokitzapen aldia bultzatzen da.

Egokitzapena

Egokitzapen garaiaren helburu nagusia haurraren ongitasuna bermatzea da. Lehen topaketa hauetan haurra fokua, protagonista bada ere, familia osoa ikastetxera ohitzeko baliogarria da. Izan ere, esperientzia honi esker, gurasoek egokitzapen prozesua barrutik bizitzeko aukera dute. Era honetan, gurasoek hasiera-hasieratik ikastetxearen parte direla sentitzen dute; baita zentroaren misioa, ildo estrategikoak eta egiteko moduak barruko ikuspegi batetik ezagutu ere. Honi esker, gurasoek ikastetxearenganako eta hezitzaileenganako konfiantza sortu eta norabide bikoitzeko hartu-emana ezartzen dute.

Egokitzapen aldiak, beraz, funtsezko garrantzia du, konfiantzan, elkarrekiko begirunean eta komunikazioan oinarritutako harreman hori egituratzen hasteko. Haurrak eta gurasoak egokitzeko prozesu honetan, hezitzaileek haurrekin lotura afektiboak eraikitzen dituzte. Haurrek ere familiekin, irakasleekin, laguntzaileekin zein hezkuntza zentroko beste partaideekin loturak egin eta konfiantza lantzen dute.

Prozesu zail eta luze honetan, hain zuzen, behar-beharrezkoa da gurasoen eta ikastetxearen artean elkarlana, etengabeko komunikazioa eta koordinazioa egotea, haurrak bizi duen banatzea eta barne-prozesua errazagoa izateko. Hori dela eta, iraileko egokitzapen prozesua elkarrekin bizi izanagatik eskerrak eman nahi dizkizuegu Haur Hezkuntzako San José Jesuitak ikastetxeko irakasleak: eskerrik asko familiak egokitzapen aldian umeei laguntzeagatik!

Hurrengo bi artikuluetan egokitzapen aldiari buruzko informazio interesgarria irakurtzeko aukera daukazue:

“EGOKITZAPENA: aldapa gora samurragoa izan dadin”: http://www.hikhasi.eus/Albistegia/20120910/egokitzapena-aldapa-gora-samurragoa-izan-dadin

“Familia eta haur eskolaren arteko konfiantza ez da dekretuz ezartzen”: http://www.berria.eus/albisteak/84904/familia_eta_haur_eskolaren_arteko_konfiantza_ez_da_dekretuz_ezartzen.htm

Ipuinek bizi duten errealitatea ulertzen laguntzen diete. Artikuluez gain, hona hemen egokitzapen aldirako ipuin gomendagarria:

Appelt, K. eta Dyer, J. (2000). Siempre pienso en ti. Barcelona: Editorial Juventud.

siempre_pienso_en_ti

Kategoria: Ikaste-irakaste

Etiketak:

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×