Harrera plana: Ikasturtea ondo hasteko, lagun giroan

Hirugarren urtez jarraian, ikasturteari hasiera emateko Harrera Plana abian jarri dugu. Plan honen helburua talde kohesioa sortu edo indartzea da.

Gizartea erritmo bizian doa eraldatzen, duela hamabost edo hamar urteko bizitza estiloak eta gaur egungoak ezberdintasun nabarmenak dituzte, eta hezkuntzak aldaketa horietara egokitzen jakin behar du. Etorkizuneko erronka berriei aurrea hartu behar diegula garbi daukagu, eta ikasleei lagundu nahi diegu aldaketa guzti horietara egokitu daitezen. Horregatik gaur egungo Harrera Planak duela hamar urte geneukanak baino esparru zabalagoa hartzen du.

Harrera Plana aipatzen dugunean, badirudi lehenengo aldiz matrikulatzen diren ikasleei ezarritako protokoloak direla kontuan hartzen ditugun bakarrak. Baina gure ikastetxearen Harrera Plana ez da horra mugatzen. Paco Cascón adituak istiluak kudeatzeari buruzko tailerretan helarazitako ideia bati esker, agerian geratu zen istiluok kudeatzeko, kohesioa kurtso hasieratik eta ikasle guztiekin landu beharreko alderdia dela. Hori lortze aldera, norbere ezagutza, elkar ezagutza, autoestimua, kontsentsua eta entzumen aktiboa bezalako alderdiak dinamika ezberdinetan eta orden jakin batean landu beharko lirateke. Horrela, talde bateko kideak gustura badaude, elkarren berezitasunak onartu eta mesfidantzak alboratzen badituzte, askoz errazagoa izango da ikasturtean zehar sortuko diren istiluak bideratzea eta ondorioz, lan giro egokia lortzearekin batera, emaitza akademiko hobeak eskuratuko dituzte.

Zer egiten dute gure ikasleek ikasturteko lehen egunetan?

Harrera Planeko helburu nagusia, eskolarako buelta eta ikasturte berrian izango dituzten aldaketetara ohitzeko lana arintzea da, egokitzapena normaltasunez bizitzea eta horretarako behar duen denbora ematea hain zuzen. Izan ere, ikasturte berri bat hasterakoan ikasle guztiek aldaketaren bat biziko dute, irakasleak, ordutegiak, lan ohiturak, nagusitu egiten dira ikasturte hasiera bakoitzean eta hori bakarrik aldaketa handi bat da jadanik.

Azken bi urteotan bezalaxe, kurtso hasierako lehenengo 3 egunak plana gauzatzeko baliatu genituen. Egun horietan ohiko eskolak bertan behera utzi eta etapen araberako ordutegi berezia diseinatu genuen. Elkarbizitza eta ikaskidetzan oinarritutako ekintzen bidez, Harrera Planeko helburuak gauzatzen dira. Alde batetik, harremanak, ikaskideen ezagutza, aldaketak sortarazten dituen emozioak atera; eta bestetik, taldearekiko ardurak, errespetua, konfiantza, zintzotasuna… lantzen ditugu, kurtsoan zehar baliogarriak izango direlako. Ekintza horiei esker, talde izaera sortzen da eta ikasleak taldeko kide sentitzen dira, besteen parekoak.

Lanketa modu informal eta lasai baten egiten dugu, liburuak, mahaiak, ohiko estrukturekin moztuz. Hasierako momentuan tutore bakoitza berea taldearekin egongo da, eta astiro astiro, bertaratuko diren gainontzeko irakasleekin.

Goiza hiru zatitan banatzen da eta gidari lana tutoreak egingo du –beste irakasle guztien laguntza izango du ekintzak hobeto bideratzeko eta hezkuntza elkarte osoa inplikatu ahal izateko–. Egun bakoitzaren hasieran, ikasleak borobilean esertzen dira eta elkarri masajea ematen diote. Ikasle bakoitzak aurrekoaren bizkarra erabiltzen du tutoreak irakurritako ipuinean agertutako animaliak eta haien ekintzak irudikatzeko.

Lehenengo egunean ikasleek euren burua aurkezten dute, izenak gogoratu eta eurentzat esanahi berezia duten lekuak, egoerak edo objektuak izendatzen dituzte. Horretara, nork bere burua sakonago ezagutzen du eta taldea osatzen duten gainerakoena ere bai. Horrez gain, beste ekintza batzuetan harreman fisikoa garrantzitsua izango da eta elkarrenganako konfiantza neurtuko dute. Kontsentsua eta entzumen aktiboa ere beste ekintza batzuetan lantzen da.

Azkenengo egunean, ikasle bakoitzak ikasturte honetarako bere helburuak zehazten ditu eta, eguna amaitzeko, kurtso bakoitzak eskutik ebatuta izarraren irudia egiten du. Azkenik, hasiera horri amaiera emateko irteera bat egiten dugu; neska-mutilen rolak eta harremanak hoberen ikusten den modua delako.

Beste ekintza berezi batzuk

Aipatutako ekintzez gain, etapa jakin batzuetan irteera bereziak ere egin ditugu. Horiei esker, ikasleen integrazio pertsonalerako eta sozialerako gaitasunak garatzeko aukera izan dugu: “elkarbizitzen ikasteko” espazioak, denbora eta testuingurua eskaintzen saiatu gara eta elkarbizitza positiboa bultzatzen duten ekintzak ere jorratu ditugu.

Ondorengo asteetan, planak berak zehaztutako beste ekintza batzuekin jarraitu dugu, baina oraingo honetan tutoretza orduetan.

Harrera planarekin 3 egun erabili izanak ikasleei erakutsi die nolako garrantzia eman nahi diogun ikasleen arteko elkarbizitzari, horrek emaitza akademikoan eta harremanetan izango duen eragina positiboa izango delakoan.

Ikasleen parte-hartzea

Ikasleek erakutsitako jarreraz egin ditugun balorazioak onak izan dira, parte hartu dute eta interesa erakutsi dute gehiegi aztoratu gabe. Azken hiru urte hauetan eskuratu dugun eskarmentuak segurtasuna eman digu eta ahalbidetu digu ekintzei etekin hobea ateratzen. Bestetik, ekintza asko eskolatik ateratzea oso lagungarria izan da, kanpoan izan dugun eguraldi zoragarriak giro ezin hobea sortu baitu, hitz batez, oso balorazio baikorra egiten dugu. Aurrerantzean, hurrengo urratsei begira jarri beharko dugu, plana hasi besterik ez da egin eta.

Elkarbizitzari buruzko informazio gehiago:

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×