Helduen eta haurren arteko elkarrizketak: emozioak eta jarrerak ulertzen laguntzeko tresna

Haurrek beren bizitzako lehen urteetan jasotzen duten hezkuntza erabakigarria da etorkizunean izango duten garapen osorako. San Jose Jesuitak Ikastetxeko Haur Hezkuntzaren helburua garapen fisikoa, intelektuala, afektiboa, soziala, integrala eta orekatua lortzea da.

Helburu hau lortze aldera, ikastetxeko hezitzaileek eta familiek norabide berean lan egin behar dugu. Horretarako, kurtsoa hasi zenetik, ikastetxean bertan gai ezberdinak jorratzen dituzten hainbat formazio saio eskaintzen ari gara, baita informazioa eta ezagutza sareetatik komunikatu ere.

Bai Haur Hezkuntzan bai Lehen Hezkuntzan ikaskuntza- eta garapen-prozesuaren ardatz nagusiak behaketa, esperimentazioa, manipulazioa eta ekintza dira. Era horretan, haurrak bere ingurua, mundua, izaera eta bizitza interpretatzeko eta ulertzeko erabiltzen dituen eskemak, aurre-ezagutzak eraiki eta berreraikitzen ditu.

Hezkuntza-etapa hauetan, arestian esan bezala, gure ikastetxearen, familien eta ingurunearen artean lehenengo lankidetzako loturak egitea ezinbestekoa da, etengabeko informazio trukean eta elkarlanean oinarrituz.

Ikastetxean lehen urteetatik ikaslearen garapen pertsonala lantzen hasten gara. Horregatik, hasiera-hasieratik autoestimua, izaera, sentimenduak, emozioak, motibazioa eta ahalegina bezalako alderdiak ezagutzen eta identifikatzen lagundu behar diegu. Arlo honetan, komunikazioak eta hizkuntzak berebiziko garrantzia dute; oro har, helduen eta haurren arteko elkarrizketak garrantzi handia du. Elkarrizketari esker haurrari bere emozioak edo jarrerak deskribatzen eta ulertzen laguntzeko tresnak ematen baitzaizkio; baita bere burua ezagutzeko baliabideak eskaini ere.

Umeak jolasari esker ikasten du; jolasari esker hazi egiten da. Egoera, bizipen, ezagutza eta gaitasun ugari garatuko ditu ekintzaren bitartez. Horrez gain, sentimendu eta emozio ezberdinak bizi egingo ditu. Hori dela eta, erantzukizuna, errespetua, lankidetza, entzute aktiboa eta elkarrizketa bezalako balioak erakutsi behar zaizkio; azken helburua jolasean eta haien bizitzan elkarbizitza bultzatzea izanik.

Testuinguru honetan, esan bezala, helduok emozioak identifikatzen lagundu behar dugu, izan hezitzaile izan guraso; gertaera ezberdinak ulertzen lagundu behar diogu adibide eta deskribapenaren bitartez. Hikhasi aldizkarian argitaratu zen “Ez da jotzen esatetik, enpatia bilatzeko ariketara” artikuluan, Nerea Mendizabal psikopedagogoak haurrak jotzen duenean edo haurrari jotzen diotenean nola jokatu azaltzen du. Adituak dioenez, kasu hauetan ere, elkarrizketatik, dialogotik abiaturik, haurrarekiko babesa eta enpatia bilatzea proposatzen da; bestelako egoeretan ere guztiz aplikagarria dena.

Seme-alaben eta ikasleen garapen pertsonalean, intelektualean eta arazoen ebazpenean familiek eta hezitzaileek eragin aukera handia dugu. Ondorioz, bai ikastetxean bai etxean emozioak identifikatzen eta kudeatzen laguntzen jarraitu behar dugu, betiere elkarrizketa abiapuntu izanik.

Jarraian gaiarekin erlazionatutako artikulu biren estekak luzatzen dizkizuegu:

  • Familia ingurunea, umeen garapen kognitiboaren iragarle (zientziakaiera.eus): “Garapen kognitiboa bultzatzeko gurasoen eta seme-alaben arteko interakzio egoki hutsa ez da nahikoa, beharrezkoa da familiako giro emozionala kalitatekoa izatea, familia ingurunearen kalitateak lehen haurtzaroko garapen kognitiboan duen eragina aztertu duen ikerketa baten arabera.”
  • Ez da jotzen” esatetik, enpatia bilatzeko ariketara (HikHasi.eus): “Oro har, guraso eta hezitzaileok ez dakigu nola kudeatu jotzearen gaia. “Ez da jotzen!”, esatea ez da aski. Bere burua, bere jostailua, bere espazioa defendatzeko jo duen haurrari ere, “ez da jotzen”, esan behar diogu? Eta jotzen ez duen haurrari, “ba zuk ere jo!”, esan behar diogu?”

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×