Ikasleek boluntariotza proiektua “itzela” dela diote

Pasa den ostiralean, boluntariotza festa ospatu genuen gure ikastetxean eta artikulu bat eskaini nahi izan diogu orain dela urte batzuetatik hona martxan daukagun boluntariotza proiektuari. Boluntarioen proiektu honetan eta bereziki aurten parte hartu duten ikasleen hitzekin hastea baino modu hoberik ez zaigu bururatu. Eskertze hitzak behin eta berriz errepikatzen dira boluntarioek proiektua amaitzean egiten dituzten balorazio memorietan.

Proiektu honek ematen dien aukera aitortzen diote ikastetxeari; boluntario-lanetan murgiltzeko, eta horrela, askotan jakitun ez diren bestelako errealitate bat ezagutzeko.

17 urterekin, boluntario izatearen esperientzia esparru ezberdinetan bizitzea ez da edozeinen esku dagoen zerbait, eta gure ikastetxetik aukera hau ematen dugu 2013az geroztik.

Hezkuntza Zentro bat gara, denontzat irekia, Jainkoaren, munduaren eta Loiolako Ignazioren giza izatearen esperientzian oinarrituta, pertsonekin konprometituta. Gure asmoa da gure ikasleak, zeinak gure lanaren erdigunean dauden, pertsona orekatuak izatea: intelektualki beren gaitasunen araberako trebeziak dituztenak, hazteko irekiak, besteei zerbitzura daudenak, eta gizarteak planteatzen dizkien erronkei aurre egiteko gai direnak. Hori dela eta, esparru akademikotik haratago joateko beharra ikusi zen, hezkuntzaren arloan alderdi akademikoak garrantzia du, baina ezin dugu ahaztu giza partea eta pertsona izatea. Horregatik guztiagatik, batxilergoko bigarren mailako ikasleentzako gizarte-boluntariotzako proiektu bat txertatu beharra ikusi zen.

Gaitasun soziala garatzea

Proiektu honen helburua da batxilergoko ikasleak balioetan heztea, esperientzia erreal eta zuzenaren bidez eta Durangaldeko errealitateetan parte hartuz. Gure ustez, esperientzia horien bidez, gure ikasleek konpromisoaren kultura lehen eskutik ezagutzea lor dezakegu.

Esperientzian oinarritutako proiektua da, gazteentzako esparru berri batean, eta haiek dira protagonistak. Proiektuak gainera, metodologia malgua erabiltzen du, eta parte hartzen duten neska-mutilen adinarekin bat dator.

Ikasturte honetan 5 zerbitzu izan ditugu: Gorabide, Astarloa Egoitza, Caritas (banbu proiektua), Jesuiten Etxea eta errefortzua. Batxilergoko bigarren mailako ikasleen %70ak hartu du parte. Aukeratutako zerbitzuan eskola-ordutegitik kanpo bi ordu eskaini dituzte boluntarioek.

Zerbitzu bakoitzak hainbat jarduera eskatzen ditu. Egoitzan eta Gorabiden neska-mutilek beste pertsona batzuei lagun egiten diete, konpainia egiten diete, entzuten, jolasten … laburbilduz, beraiekin denbora igarotzen dute. Errefortzuetako boluntariotza Eskolaz kanpoko ikasketei aurre egiteko baliabiderik ez duten ikastetxeko umeei zuzenduta daude. Ikasleek etxeko lanak egiten eta zalantzak argitzen laguntzen diete haurrei. Azkenik, banbu proiektuan ere, baliabide ekonomiko gutxi dituzten haurrekin egoten dira, baina gai akademikoarekin laguntzeaz gain, higiene- eta jokabide-ohitura onak lortzen laguntzen diete.

Boluntarioen jaia

Ikasturtea amaitzen denean boluntarioen jaia ospatzen dugu, eta bertan parte hartzaile guztiei gonbidatzen zaie. Aurten oso hunkigarria izan da. Joan den ekainaren 14an egin zen, eta bertan izan ziren zerbitzu guztietako pertsonak; bizitako esperientziak banan banan partekatu genituen, proiektuan parte hartu duten ikasleek lehen eskutik kontatuta. Jarraian dauden bideoetan ikus ditzakezue, ikasturtean zehar bizitakoa hobeto ikus dadin.

Azkenik, hasi dugun modu berean amaitzea gustatuko litzaiguke, hau da, boluntariotzaren parte izan diren ikasleen sentimendu eta balorazio batzuk partekatzea:

“Duela zortzi hilabete luze eta gogor hasi zen guztia, ikastetxean igaroko genuen azken kurtsoa hastearekin batera. Zenbait egunetan “lan” gogorra eta neketsua izan den arren bizi izan dudan “esperientzia onenetariko” bat izan dela zalantzarik gabe esan dezaket

“Txikitatik erakarri naute proiektu sozialek eta zerbait egin nahi izan dut moduren batean nire laguntza eskaintzeko, baina sekula ez dut Jesuitak ikastetxeak eskaini didan moduko aukera garbia izan horretarako”.

“Esperientzia oso aberasgarria izan dela uste dut. Beti izan dut sentsibilitate berezi bat adineko pertsonekiko, eta gustatu zait beraiei irribarre bat ateratzea. Hala ere, gogorra da ikustea pertsona batzuk nola ezin diren mugitu; asterik aste nola doazen okertzen, dementzia edota jarrera errebeldea daukatela, oso ikasketa positiboa izan da. Gainera, egoera batzuen aurrean nire sentimenduak kudeatzen ikasteko ere balio izan dit eta nire ustez beharrezkoa da guztiok, bizitzako momenturen batean, denbora eskaintzea adin horretako pertsonek esateko dutena entzuteko”.

“Esperientzia honek begiak irekitzen dizkizu, bizitzako ikuspegi desberdinak aurkezten dizkizu eta. Orokorrean, proiektua, oso aberasgarria izan da eta heltzea eragin dit.”

“Asko eskertzen dut proiektu honek eman didan aukera, izan ere pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera luzatu didate.”

“Nire bizitzako esperientzia hoberenetariko bat izan da”

“Esperientzia ikaragarria izan da.”

“Boluntariotza egiteko aukera ez zait beste inoiz aurkeztu, eta pertsona moduan hazteko eta ezagutzeko modu paregabea zela iruditu zitzaidan. Horrelako aukera ezin nuen baztertu”.

Kategoria: Gizarte eragina

Etiketak: , , , , , , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×