Jaunak gu elkartzea nahi zuen

Martxoaren 20an Misio eta Nortasun Inaziar formakuntzan hiru urteetan zehar aritu garen azken taldeak Erromako bidaia egiteko elkartu ginen ilusioz eta emozioz beterik.

Bideak elurtuta eta eguraldi eskasa egin arren,  bakoitza gure herritik (Durangotik Aintzane, Lourdes eta Michael) irten ginen elkar ikusteko gogoz. Nahiz eta eginkizun ezberdinak izan, gure lotura “Jesusen lagundia da” eta taldean argi gelditu zen lagundiren parte sentitzen ginela. Honez gain, formakuntzan bizitako esperientziak, gure arteko komunikazioa, sortutako konfiantza, umore ona eta giro ezin hobea nahaste ederra izan zen bidai zoragarri bat egiteko.

Benetan bidaia berezi eta hunkigarria izan zen. Lehenengo egunean bidaia atsegin bat egin ondoren gure ostatu txukun eta lasaira heldu ginen. Gauzak utzi eta Erromako kaleetatik ibilbide bat egin genuen euritan nekatu arte. Bigarren egunean goizean goiz esnatu ginen eta Frantzisko Aita Santuaren audientzian egoteko aukera izan genuen. Pertsona hurbila, lasaia, alaia, zintzoa eta enpatikoa da. Oso hunkigarria izan zen “San Pedro” enparantza jendez gainezka ikustea eta giro atseginean bakoitza bere hizkuntzan denok batera otoitz egitea.

Ondoren Lagundiaren Kuria bisitatu genuen, bertan Luis Lopez Yarto Aita jesuita, adimentsu eta atsegina dena, ezagutu genuen.  Bertako terrazatik argazki polit batzuk atera ondoren Lagundiak gonbidatutako bazkari eder bat izan genuen. Honen amaieran kaperan dituzten mosaiko zoragarriak ikustera joan ginen.

Arratsaldean San Pedroren hilobia eta nekropolia ikusi genituen eta Vaticanoko historiatik zehar bidaiatzeko aukera izan genuen. Ondoren San Pedro Basilika ikusteko aukera izan genuen. Hirugarren egunean Unibertsitate Gregoriana ikusi genuen. Arratsaldean bisita gidatu bat izan genuen eta Erromako katedrala ikusteaz gain hainbat eliza zoragarri bisitatu genituen. Adibidez, lehenengo jesuitek Lagundia onartu bezain pronto azken zinak egin zituzten basilika (Hezitik kanpo San Pablo).

Laugarren egunean Kuriara berriro joan ginen eta bertan azaldu ziguten Jesusen lagundiaren egitura eta antolaketa; baita nola eramaten duten Jesuitek Errefuxiatuen zerbitzua (JRS-SJR) ere. Arratsaldean “Il Gesú” eliza ikusi eta deskubritu genuen, harriak bizirik egongo baziren bezala. Baina aipagarriena handik Arruperen hilobian egotea, Inazioren etxea ikustea eta bertan egindako Eukaristia da. Hemen sortutako giro lasaia eta hunkigarria bakoitzaren barnera heldu zelako, Lagundiaren hasiera-hasieran kokatuta.

Bosgarren egunean Kuria eta bertako Artxibo Historikoa ezagutu genuen, eta Robert Dan´eluk Aita Jesuitak, hizkuntzetan trebea eta jatorra dena, emandako azalpenekin eta erakutsitako idatziekin sasoi hartara eraman gintuen. Adibidez, Inazio lehenengo generala aukeratzeko botoak aurkeztu zizkigunean garai hartara garraiatu gintuen. Gauean Lagundiak gonbidatutako afari goxo eta eder batekin bukatu genuen. Igandean, Erroma erramu Eukaristiarekin agurtu genuen eta etxerako bidea pozik eta esker onez beterik egin genuen.

Bidaiaren antolaketa  egokia eta aproposa izan da. Formakuntza bukatzeko era egokiena da, Jesusen Lagundia hobeto ezagutzeko aukera eman digulako.

Ororen gainetik, eskerrik asko formakuntzagatik eta Erromako bidaia hau posible egin duten guztioi. Gure aldetik, bertan bizi izandako esperientzia eta ilusioa gure elkartean elkarbanatzea espero dugu.

Kategoria: Inaziotar Izaera

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×