Mugetatik haratago: errefuxiatuekiko sentsibilizazioa eta laguntza suspertzeko

Durangoko Jesuitak ikastetxeak bigarrenez parte hartu izan du ALBOANek antolatzen duen Mugetatik haratago proiektuan. DBH 2. mailako hiru gelek lan egiten dute kurtsoan zehar ekimen honen inguruan. Bere helburu nagusia errefuxiatuekiko sentsibilizazioa eta laguntza suspertzea da.

Mundu maila ematen den fenomeno honek behera egin beharrean goraka doa, dagoeneko milioika pertsonek sufritzen dute egoera hori; bai, milioika lagun daude egoera oso larrian. Gatazka armatuak, giza eskubideen bortxaketak, diskriminazio bortitzak eta gerrek eragin izugarria dute pertsonen eta herrien bizitzan (hurrengo testu honetan abegikortasunari buruzko hausnarketa interesgarria irakur dezakezue: “De la hostilidad a la hospitalidad“).  Horregatik,  ALBOANek mundu solidarioago baten alde antolatzen du 3 faseko ekimen interesgarri hau:

Lehenengo fasean ikastetxean bertan egiten da eta dinamika batzuen bidez ikasleak hurbiltzen dira errefuxiatuen egoerara. Horretarako, adibidez, gerratik ihes egiteko motxila ahalik eta azkarren egitea eskatzen zaie. 

Bigarren fasea Loiolako santutegian burutzen da 3 egunetan, beti, astelehenetik asteazken eguerdira arte. Gaian adituak diren monitore batzuen laguntzarekin ikasleak errefuxiatuen larruan sartu behar dira. Horretarako oso egokia da santutegiko aterpetxea, baratza, eta batez ere, sotoko tunelak eta pasabideak. Tunel horietan errefuxiatuek jasaten dituzten gabeziak eta tratu ankerrak antzezten dira, dramatismo puntu bat lortuz.

Hirugarren fasea ikastetxean egin behar da kurtsoan zehar. Hemen aukeratzen da zer egin laguntzeko, egoera aldatzeko, mundua benetan eraldatzeko proposamenak hausnartzen direlarik. Iazko taldeak hezkuntza elkarte osoa sentsibilizatzen saiatu ziren eta bi proiektu zehatzi laguntzeko baliabideak lortu zituzten.

Beraz, Loiolatik bueltan gaudenez, han ikusi, entzun eta sentitu genuena partekatuko dugu guztiokin kurtsoan zehar. Espero dugu zuek prest egongo zaretela gurekin bat etortzen eta parte hartzen. Izango duzue gure barri.

ALBOAN GKEa

Jesusen Lagundiak Euskadin eta Nafarroan duen nazioarteko garapenerako lankidetzako GKEa da ALBOAN. Munduan desberdinkeriak sortzen dituzten bidegabekeriak salatuko dituzten herritar globalak prestatzeko lan egiten dute; hau da, guztion ongia sustatuko eta bai tokian-tokiko bai globalki pobrezia sortzen duten egiturak eraldatuko dituzten herritarrak. Horretarako, mundu osoko pertsona eta taldeekin bat egiten dute sare batean. Ezagutu hobeto ALBOAN.

Kategoria: Gizarte eragina

Etiketak: , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×