Zergatik egin EGA azterketa?

Batxilergoko ikasle batek, bere ibilbide akademikoan, araututako ikasgaiak eta konpetentziak lantzeaz gain, askotan beste erronka batzuk izaten ditu: kirola egitea, hizkuntzetan trebatzea, musika zein arte ikasketan bideratzea, beste batzuen artean.

Gurasoen nahia izaten da, arlo akademikoan ez ezik, ikasleek eskolaz kanpoko ekintzetan ere arrakasta izan dezaten, haien gaitasunak, helduen bizitzarako eta haien profilera ondoen egokitzen diren ekintzak gauzatuz.

Aipatutako jarduera guzti horiek ikaslearen garapen osoa aberasten dutela frogatuta dago; nahiz eta arlo akademikotik kanpo dauden, osagarriak, osasuntsuak eta gomendagarriak baitira. Alde batetik, etorkizuneko bizitzarako beharrezkoak izango dituzten konpetentziak indartzea eta hauetan trebatzea eskaintzen dutelako; bestetik, beste inguru batean burutzen direlako.

Beste kontu bat izaten da, jarduera horiek ondorio bezala azterketak edo probak gainditzea dakartenean. Kasu horietan, ikaslea ondo prestatua egon behar du, ziurtasuna garatu behar du, eta bere burua ondo ezagutu.

Hizkuntzen garapenarekin, gaur eguneko ikasle gehienek eleanitzak baitira, azterketen zabalkundea ere etorri da. Leku askotan ditugu Hizkuntza Eskola Ofizialak, akademiak, erakundeak, etab titulazio hori eskuratzea bideratzen dutenak.

Baina zergatik egin beharko luke batxilergoko ikasle batek EGA azterketa?

Hainbat arrazoi daude saiakera eta ahalegin hau egiteko.

Lehenengoa, norberaren maila neurtzeko saiakera bat da. Hau da, EGA azterketaren prozesua nahiko luzea da, atal eta jarduera ezberdinak daudelako eta hizkuntza konpetentziaren anbito guztiak lantzen dituelako. Horrek, arlo metodologikoan, trebezia batzuk lantzea eskatzen du, hala nola, lan pertsonala, informazioa kontsultatzea eta eskuratzea, norberaren indarguneak eta mugak ezagutzea (hain zuzen, Ikastetxeko hizkuntza proiektuaren baitan aditzen eta lantzen direnak).

Bigarrena, arlo pedagokiko-akademikoan, ikaslea bere Kurrikuluma aberasten joaten da, hau da, derrigorrezko hezkuntza edo ikasketak burutzeaz gain, beste trebeziak islatzen dituzten agiriak eskuratzen ditu: ADVANCE, DALF zein EGA. Ispilua dira hizkuntzaren arlo ezberdinetan dugun gaitasuna zein jarioa neurtzeko.

Hirugarrena aipatu berri den arrazoiarekin erlazionatuta dago, izan ere, kurrikuluma aberasteak ibilbide profesionalerako ate bat zabaltzen du. Hau da, Administrazioan zein hainbat erakundeetan eskatzen duten ezinbesteko baldintzetako bat da, beraz burutuko dituzten ikasketekin batera, prestakuntza osagarria izan daiteke EGA lortzea.

Laugarrena, eskolatik kanpo aztertua izango da. Zer da honekin esan nahi duguna? Gizarte arloa ere lantzen dela, ikasle bakoitzak bere zentroan, bere ikastetxean eroso sentitzen da normalean, konfort gunean delakoan bizi da, irakasleak, espazioak ezagutzen ditu, eta hortik ateratzeak beti dakar urduritasuna, ezinegona, eta horiek kudeatzeko ohiturak ere landu behar dira, batez ere etorkizunari begira.  Nola probak ikaslearentzat ezezagunak diren inguru batean burutzen diren,  horrek ere, ikasketa zein berariazko prestakuntza berezia dakar.

Badaude iritzi batzuk, EGA ateratzearen edo egitearen kontrakoak direnak, normalean gaztelerarekin alderatzen baitute, eta gazteleraz eskakizunik ez dagoen aitzakiaz, EGAren balioa zein zentzua hankaz gora jartzen dutenak: hori beste kontu bat litzateke. Egun Europan Hizkuntzen marko orokorra eta adostua dagoen bitartean eta aipatutako arrazoiak aintzat izanik, bide honetatik jarraituko dugu: ikasleen garapen pertsonaleko eta ikaskuntzako prozesuan lagunduz eta euskal kultura eta gure hizkuntza erakutsiz eta maitatuz.

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×