Astebete Liverpoolen

Ikastetxeko hizkuntza proiektuak eleaniztasunari garrantzia handia ematen dio. Horren baitan, ingelesa bertatik bertara ezagutzeko hainbat aukera izaten dituzte ikasleek; besteak beste, Lehen Hezkuntzan New Forest-en egiten dute elkartrukea eta DBH 3. mailakoek aldiz, Liverpool ezagutzeko aukera izan dute azken urteotan.

Horrela, pasa den ostiralean abiatu zen 43 ikasle eta lau irakasleko taldea Liverpoolera. Oihana Quesada, Gotzon Gomez, Lorena Ortuoste eta Pablo Martin irakasleekin batera, astebete igaroko dute Ingalaterrako hiri famatuan. Bertan, beste errealitate batera hurbiltzeko aukera paregabea daukate ikasleek eta horretaz gain, taldekideekin eta irakasleekin harremanak sendotzeko ere balio du bidaliak.

Elkartruke programari esker bertako familiek eskaintzen die ostatua gure ikasleei. Askorentzat atzerrian duten lehenengo esperientzia da Liverpoolerako bidaia hau, eta ingelesa hobetzearekin batera, turismo egiteko aukera izaten dute. Horretaz gain, bestelako jakintzak ere barneratzen dituzte, ohituta dauden errealitatearekin alderatuta guztiz bestelakoa den toki batera heltzen baitira: beste ordutegi bat, beste hiri bat, beste hizkuntza bat, beste etxebizitza bat, beste familia… Hala ere, irakasleen zein ikaskide taldearen babesa daukate guztiek eta abentura interesgarria izaten da guztientzat, ikasteko eta hazteko balio diena.

Liverpoolen pasatutako lehen bi egunak batez ere aisialdira eskaini zituzten. Asteburuan heldu zirela aprobetxatuz, inguruak ezagutzeko baliatu zituzten lehen egunak. Larunbatean adibidez, autobusa hartu eta Mersey ibaia zeharkatzen duen ferrya hartu zuten. Ibaia handiak Liverpoolen portuaren garrantzia islatzen du, gainera, batzuk itsas txakurrak ikusteko aukera ere izan zuten.

Asteburuan ere aukera izan zuten erdi aroko itxura daukan Chester hiria ezagutzeko. Harresi ikusgarria dauka, baita erromatarrek galtzada eta termen aztarnak eta katedral ikusgarria. Horretaz gain, ikasleek beraien kabuz hirian zehar ibili eta erosketa txikiak egiteko aukera izan zuten.

Astegunetan aldiz, ingelesa hobetzeko aukera paregabea izango dute bertako ikastetxe batean klaseak jasoz. Horri esker, irakasle eta metodologia berriak ezagutuko dituzte ikasleek, guztia ingelesez jardunda.

Gure hezkuntza proiektuari estuki loturiko konpetentzia akademikoak garatzeaz
gain, etorkizunerako eta bereziki bizitzarako beharrezkoak eta baliagarriak izango diren konpetentziak ere bereganatuko dituzte: baliabide ekonomikoen zein denboraren kudeaketa, autonomia, arazoei eta gatazkei aurre egin eta hauek ebazteko gaitasuna…

 

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×