‘Janariprest’ proiektua: soberan dauden eskolako menuak behar dituenari helarazteko

Kurutziaga kalean kokatutako vending makina batek elikagaiak behar dituenaren eskura jarriko ditu elikadura-prozesu seguru baten bidez.

 

Ikastetxeko plan estrategikoan ditugun ardatzetariko batzuk dira gizartean parte hartzea eta eragitea, ekologiaren zaintza eta inguruko eragileekin elkarlana, besteak beste. Horiek aintzat hartuta, gure Hezkuntza Proiektua elikatzeko JANARIPREST ekimena abiatuko dugu.

Egunero 650 menu baino gehiago prestatzen dira ikastetxeko sukaldean, baina ez da prestatutako guztia kontsumitzen. Soberan gelditzen dena prestatutako plateren %5 inguru da, eta, soberakin horri irtenbidea emate aldera Rexcatering Fundazioarekin, Ausolan eta Durangoko Udalarekin izandako elkarlanari esker aukera on bat aurkitu dugu. Zein?

  1. Kontsumitu gabeko janaria,  tenperatura prozesu ziur bati jarraituz, egunero  ontziratuko dugu.
  2. Ikasleek, gizartearekin hartutako konpromiso gisa, ontzien ardura hartuko dute (etiketatu, garraiatu, iraungitzea zaindu, …)
  3. Ikastetxeko Kurutziaga kalean izango dugun makinaren bitartez Durangoko herritarren esku jarriko ditugu ontziak.
  4. Premia duen edozeinek, doan eta nahi duenean,  janaria eskuratu ahal izango du. 

Boluntariotza proiektua
Janariprest ekimena batxilergoko boluntariotza proiektuaren baitan kokatu dugu. Hala, hotz-katea ziurtatuz eta tenperatura-prozesu segurua mantenduz, jantokiko langileek elikagaiak ontziratuko dituzte, ondoren ikasleak etiketatzeaz, garraioaz eta iraungitzearen kontrolaz arduratu daitezen. Proiektuaren izaera jasangarriaren ildotik, ontziak %100 konpostagarriak dira.

Proiektua Alfredo Sarriugarte Narbaiza eta Alba Gomez Arce Jesuitetako zuzendariak eta ikasleak, Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, Alvaro Saiz Ruiz Rexcatering-eko koordinatzaileak eta Monika Cabo Gonzalez Ausolaneko kudeaketa arduradunak aurkeztu dute.

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×