Nola jardungo genuke ikastetxeak itxita egon beharko balu?

Etxeratzeko egoera iritsiz gero, San Jose Jesuitak ikastetxeko egitura antolatuta daukagu, ikasleek beraien ikaste prozesua eten ez dezaten. 


Familia guztientzat ezaguna den kontingentzia plana aktibatu genuen irailean, ikasturte hasieran, eta emandako emaitzekin pozik gaude. Ikasle, hezitzaile eta familia guztiek barneratu dituzte arau berriak eta uste dugu orain artean izan ditugun emaitza onak horri esker izan direla. Gela bakarra konfinatu behar izan dugu hiru hilabete hauetan, eta ikasturte hasieran izan zen. Horregatik, aurrera jarraitzen dugu gure kontingentzia planarekin.


Hala ere, orokorrean, egoera ez da ona eta COVID-19aren kutsatze kasuak gutxitzeko neurriak zorroztu dira azken asteetan. Egoera hobetzea da guztion nahia, baina okerrera egingo balu, ez dugu inprobisatzen hasi nahi. Horregatik, mailaz mailako lanketak eginda dauzkagu dagoeneko. 


Era berean, familiekin informazio hau partekatu nahi dugu, gardentasun osoz eta lasaitasun mezu bat helarazi nahian. Aurrez aurreko klaseekin jarraitzeko itxaropen osoa daukagu, baina egoera okertzen bada, gu prest gaude!


Hezkuntzak ez du etenik


Martxoko esperientzia aintzat harturik, eta familien beharrak kontuak izanik, modu teorikoan zein praktikoan zehaztu dugu 3. agertokia etorriko balitz, zer egin beharko genukeen. 


Hasteko, tutoreek egunero egingo dute konexio telematikoa taldearekin, egunari hasiera eman eta eguneko egitekoen berri emateko. Konexio hori goizean zehar luzatuko dugu seme-alaba bat baino gehiago dauden kasuetan talkak ekidite aldera.


Haur Hezkuntzan, lan proposamenak eskainiko zaizkie web guneko site-an. Bertan izango dituzte maila bakoitzean indartu beharrekoari aurre egiteko jarduerak eta azalpenak. Astea egituratuta egongo da arlo guztiak lantzen direla bermatzeko. 

Lehen Hezkuntzaren kasuan, ordutegiak moldatu egingo ditugu eta egun bakoitzean hiruzpalau ikasgai landuko dituzte konpetentzia guztiak jorratzen jarraitzeko. LH 1etik 4ra web guneko site-a izango da proposamenen bilgune eta LH 5. eta 6. mailan ordenagailuak erabiliko ditugu zuzeneko eskola orduak izateko eta lanak partekatzeko. 


Kasu guztietan lanen feedbacka emateko prozedura eratuta dugu, ikasleen garapena ikusi ahal izateko. Bestalde, arratsaldeak ikasleen arretarako eta zalantzak argitzeko erabiliko ditugu. 


Astean bitan tutoreak talde txikietan batzartuko dira ikasleekin jarraipen estua egiteko eta beste bi arratsaldez irakasle guztiak egongo dira prest familia eta ikasleen zalantzak argitzeko.


Azken finean, ikasleen eskolatzea etxean ahalik eta normaltasun handienarekin jarraitzea izango da helburua, ikasleek beraien gaitasunak lantzen jarraitzea, hain zuzen ere.


DBHn eta Batxilergoan ere ikaste-irakaste prozesua berrantolatuta daukagu ikasleek klaseak etxetik jarraitu beharko balituzte. Azken asteetan, ikasgela guztietako ikasleekin simulakroak egin izan ditugu dauzkagun baliabide teknologikoak ziurtatu asmoz. Ikasleekin lan egin eta komunikatzeko erabiliko dugun aplikazioa TEAMS izango da eta ONE NOTEn dituzten koadernoen bitartez bermatuko dugu ikasle eta irakasleek elkarrekin izan beharreko hartu emana.


Ordutegien antolaketari dagokionez, ohiko ordutegiarekin jarraituko dugu. Hala ere, doiketa txiki batzuk egingo ditugu. Egunero, goizeko lehen ordu laurdenean (08:00etan), ikasleek beraien tutorearekin izango dute hitzordua egunari hasiera eman eta egunaren inguruko egitasmoa lantzeko. Ondoren, ohiko ordutegiari eutsiko diote.


Irakaste prozesuari zein ebaluazio prozesuari dagokionez, eta aurreko hiruhilekoan ikasitakoetatik ondorioak atera ondoren, ebaluazio irizpideak egokitu egin ditugu eta taldeka zein banaka lan egiteko prozedurak zehazten ari gara. 


Gertuko harremana


Gure helburu irmoa da ikasleekin harreman zuzena izatea, ikasleen behar emozionalei ere erreparatzea eta ikasle guztiei arreta eman zaiela bermatzea. Horretarako, eta beharrezkoa den kasuetan, zenbait ikaslerekin klaseak presentzialki emateko bideak ere aztertzen ari gara. 


Agertoki honetara heldu beharra izango bagenu, inoiz baino garrantzitsuago ikusten dugu guraso eta irakasle-tutorearen arteko komunikazioa ahalbidetzea. Horretarako ere une egoki eta erosoak baliatuko ditugu eta familiekin elkarbanatu. 


Jarrai dezagun elkar zaintzen!



Erlazionatutako albisteak:

Simulakroak Batxilergoko klaseetan.

Gure site-ak.


Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×