Hezkuntza propio baten alde, balioduna eta balioetan oinarritua


Albiste hau Berria.eus-en argitaratu da.


Gure seme-alaben heziketa izango da ziurrenik familiak eta gizartea oro har gehien kezkatzen dituen gaietako bat. Zer motatako pertsonak izango diren… horren mende egongo da neurri handi batean haien etorkizuna eta baita gu guztiona ere. Jasoko duten heziketak zerikusi handia izango du horrekin.

Zer da eskola, eta zer izan beharko luke?

Egungoa bezalako gizarte multikultural batean, Kristau Eskolak uste du humanismo kristauaren nortasunean oinarritu behar duela eskolak. Gizarte ekimeneko eskola, aitzindaria gure herriaren hezkuntzan, pertsona osotasun batean heziko duena, euskal gizartearen parte dena eta haren beharrei erantzungo diena.

Ikasleen garapen pertsonalak eskolaren xedeetako bat izan behar du, eta lagundu egin behar die etorkizunean beren helburu gorenak betetzen. Ez bakarrik hezkuntza formalaren eta informalaren bidez tokiko ikuspegi batera mugatuta gera daitekeena, baita ikuspegi unibertsal bat duten plataforma solidarioen bitartez ere. Hori posible da Kristau Eskolaren ikastetxeetan, sarea osatzen duten erakundeen plataforma sozial eta solidarioei esker, izaten ikastea gaitasuna garatzen laguntzen duten plataformak. Oinarrietatik ezagutzetara.

Publiko-pribatua

Kristau Eskola euskal hezkuntza sistemaren parte da. Sistema horretan daude titulartasun publikoko ikastetxeak eta itundutako titulartasun pribatuko ikastetxeak. Denok zerbitzu publiko bat ematen dugu. Denok helburu eta betebehar bera dugu: EAEko ikasleak heztea. Horretarako, Euskadik Hezkuntza Lege propio bat behar du, euskal hezkuntza sistema osatzen dugun guztiok barne hartuko gaituena eta eskubideetan eta betebeharretan berdindu. Doako derrigorrezko hezkuntza ahalbidetuko duen legea, horretarako finantzaketa eskainiko diena gaur egun EAEn ditugun eredu guztiei.

Kristau Eskola, Ikastolen Elkartea eta Eskola Publikoa. Bakoitzak bere hezkuntza eredua du, gurea bezalako gizarte plural eta heterogeneo bati dagokion moduan. Uste dugu denak direla beharrezkoak gizarte multikultural baten beharrei erantzuteko; bestela, hezkuntza eredu homogeneizatzaileak sortuko genituzke eta albo batera utziko genuke gure gizartearen aberastasuna. Kristau Eskolak sinetsi egiten du eskola plural, integratzaile, inklusibo eta euskaldun batean.

Euskaraz heztea

Kristau Eskolako ikastetxeak guztiz konprometituta daude euskal curriculumak euskara ezagutzari dagokionez ezartzen dituen helburuekin, eta, horrez gainera, bereizten gaituzten izateko modua eta mintzaira indartu nahi ditu ikasleengan. Gure berezitasunaz jakitun, modu inklusibo batean erantzuten diogu aniztasunari, eta komunitate eleaniztunak eraiki nahi ditugu, non euskara irakats hizkuntza izango den.

Gaur egun, Gipuzkoan, Kristau Eskolako ikastetxe guztiak D ereduan ari dira. Bizkaian eta Araban, D eredua da nagusi, eta B eredua ere eskaintzen da. Ez dugu A eredua eskaintzen duen ikastetxerik.

Kristau Eskolak gogo biziz parte hartzen du Euskaraldia-n, sinetsita dagoelako ezinbestekoa dela ohiturak aldatzea euskararen erabileran, euskal gizarteak duen desafio handienetakoa.

Mundura zabalik

Gure gizartea, kultura aniztuna ez ezik, glokikoa ere bada, tokikotik globalera eta alderantziz igarotzen da, modu natural eta etengabean. Horretaz jakitun, Kristau Eskolak apustu irmoa egiten du eleaniztasunaren alde, egiazko eleaniztasuna sustatu nahi duen ANIZTU egitasmoaren bidez. Abiapuntu harturik ikastetxe bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa, eta hizkuntzen tratamendu integratuan oinarritutako hizkuntza proiektuak sortuz, gure helburua da emaitzarik onenak lortzea eleaniztasunean, pixkana-pixkana. Zenbat eta handiagoa izan ikasleen esperientzia linguistikoa, orduan eta gaitasun handiagoa izango dute beste hizkuntza bat ikasteko eta erabiliz sendotzeko ere.

Gainera, duela hiru urtetik, 2018tik, ikastetxeentzako nazioartekotze zerbitzu bat ere badu Kristau Eskolak. Kmmunity du izena eta gidaritza eta laguntza eskaintzen ditu Erasmus Plus nazioarteko proiektuetarako. Horrela, Kristau Eskolak eta, ondorioz, baita Euskadik ere, gure ikasleen bidez bidaiatzen dute Europan barrena, eta ikasle horiexek dira kanpoan bizi eta ikasi dutenaren bidez Europa Euskadira ekartzen digutenak.

Gaur egun, Kristau Eskolako 44 ikastetxe ari dira Europako proiektuei buruzko formakuntza jasotzen.

Kristau Eskolaren hezkuntza proiektua

Kristau Eskolak sinetsi egiten du hezkuntza sistema propio, euskaldun eta kalitatezko batean, eta horregatik parte hartu du gogo biziz euskal curriculumaren eraikuntzan, baita Heziberri 2020 proiektuan ere.

Urteak daramatzagu urratsak egiten edukietan oinarritutako irakaskuntza batetik gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza batera. Heziberrik ikasleen hasierako profila zehazten digu, hezkuntza etapa bakoitza amaitzean bete beharko dituen helburuak, oinarrizko gaitasunei eta zeharkako nahiz diziplina gaitasunei dagokienez, eta, hasierako profil horretatik abiatuta, planteamendu koherente bat egiten dugu edukiei, metodologiei eta ebaluazioari dagokienez.

Metodologien alorrean, eskarmentu handia dugu irakasleak trebatzen eta ebaluazio metodo berriak ezartzen.

Lan kooperatiboa da gure sarean erabiltzen dugun metodologia garrantzitsuenetakoa. Bizitzarako ezinbesteko gaitasun bat izateaz gainera, ikasleek gehiago ikasten dute berdinen arteko lankidetzaren bidez, handitu egiten da motibazioa eta indartu egiten dira, besteak beste, autoikaskuntza, enpatia eta komunikazio trebetasunak.

Proiektuen arabera ikasteak gure ikastetxeetan oso zabalduta dagoen beste metodologietako bat desafio egiten die ikasleei, beren ikaskuntzaren protagonistak bihur daitezen, bizitza errealeko arazoei erantzungo dieten proiektuen bidez. Oso motibatzailea da eta ikasleei laguntzen die XXI. mendeko funtsezko gaitasunak garatzen eta ikaskuntza esanguratsu batera heltzen.

Teknologia funtsezko tresna bihurtu da eta agerian utzi du hori pandemiak. Hari esker, eskolak ematen jarraitu ahal izan dugu. AUKERA proiektuaren bitartez, ikastetxeen birtualizazioa indartzen ari gara. Guretzat, teknologia ez da berez helburu bat, lanabes bat baizik, ikasteko prozesuak hobetzeko eta prozesu horiek pertsonalizatzeko. Apustu egiten dugu konbinazio tekno-pedagogiko berri baten alde, eta saiatzen gara, ahal den neurrian, arrakala digitalari aurre egiten.

Pertsona da gure proiektuen ardatza, eta horregatik ematen diogu garrantzi handia gure ikasleen eta irakasleen kudeaketa eta ongizate emozionalari. Horretarako, lanean ari gara GUGAN proiektuarekin, irakasleak heziketa emozionalean, bizikidetza positiboan eta bullyng-aren prebentzioan trebatzen.

Nolanahi ere den, Kristau Eskolarentzat garrantzitsuena da hezkuntza on bat eskaintzen jarraitzea bere eredua aukeratu duten familiei, eta bere ekarpena egitea horrela gizarte osoari.

Orain eta etorkizunean, hezkuntza balioduna eta balioetan oinarritutakoa.

Kristau Eskola NEXT.

Kategoria:

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×