- Gerraren, indarkeriaren, pobreziaren edo bazterkeriaren ondorioz beren etxeetatik ihes egitera behartuta dauden emakumeek arreta, laguntza eta babeserako neurri espezifikoak behar dituzte.
- San Jose Jesuitak ikastetxeak eta Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako zazpi kilometroko ibilaldia datorren igandean, abenduak 17, izango da.
Igande honetan, abenduaren 17an, Ibiltari 2023 martxa solidarioa egingo da Durangon, bigarren urtez jarraian. Kirol eta elkartasun ekitaldia datorren astelehenean, hilak 18, ospatuko den Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunaren barruan kokatzen da eta bere helburu nagusia emakume migratzaileen egoera ikusaraztea, salatzea eta kontzientziatzea da.
Ibiltari 2023ren aurkezpenean, Alboan elkarteko nazioarteko lankidetzako proiektuen koordinatzaile Leire Morquechok horrelako ekimenen balioa azpimarratu zuen, non herritarrek ere parte hartzen duten. “Emakumeek beren etxeetatik ihes egin behar izaten dute gerraren, indarkeriaren, pobreziaren edo bazterkeriaren ondorioz. Alboan-ek babes egoeran dauden emakumeek dituzten erronkak ezagutzea nahi du, hala nola pertsonen salerosketa, sexu-indarkeria, estortsioak, sexu-esplotazioko sareak eta baita bahiketak ere”, azpimarratu du.
Bestalde, Alfredo Sarriugarte San Jose Jesuitak zentroko zuzendariak Emakumeok Martxan programarekin duen konpromisoa azpimarratu du, eta Durangoko, eskualdeko eta kanpoko herritar guztiei parte hartzera dei egin die mugikortasun-prozesuetan dauden emakume eta neska guztiei laguntzeko.
Oinez ibili eta kilometroak batu
Ekimenak Emakumeok Martxan programarekin lotutako lankidetza-proiektuei laguntzeko dirua biltzea ere izango du helburu. “Parte hartzen duten pertsona guztiek dohaintzak egiteko aukera izango dute. Webgunearen bitartez, pertsonek izena eman eta dohaintza egin ahal izango dute” azaldu du Alaia Berganza Jesuitak ikastetxeko kulturartekotasun arloko arduradunak.
Laguntzeko hainbat modu daude. Bakarrik lagundu nahi duten pertsonei zero dortsala esleituko zaie eta ibili gabe egingo dute dohaintza. Gainerakoek beren diru-ekarpena egingo dute eta ibilaldi solidarioa hasteko dagokien zenbakiaren dortsala jasoko dute.
Ekitaldiak Mezulari, Ellacuria Fundazioa, Ausolan, Insalus, Cafe Baque, DEE-AED eta Laboral Kutxaren babesa du, eta MIGRAGESTO 2023 delakoaren esparruan kokatzen da; Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako jesuiten obretatik planteatutako ekimena, hain zuzen: www.migragesto.org
Ibiltari 2023-ren gaineko informazio eta izen-emate guztiak hemen eskura daitezke: https://ibiltari.alboan.org/