Kirola, konpetentzien garapenerako ezinbesteko tresna

Kirola, konpetentzien garapenerako ezinbesteko tresna

Gure eskolan, Gorputz Hezkuntzako saioetan, osasunaren garrantzia eta haurren bizi estiloari erantzuna ematea bermatzen saiatzen gara, hori baita gure helburu nagusietako bat. Hau da, ikasleen osasuna eta bizi estiloa eta kalitatea hobetzea. 

Eskoletako Gorputz Hezkuntzak, modu ludikoan gorputzaren kulturaz ohartzea eta garrantzia ematea du xede nagusi. Bertan, kirol desberdinei eta jolas desberdinei esker, ikasleen hausnarketarako eta gogoetarako gaitasuna garatzen baita. Arlo hau, gainera, gaur eguneko errealitateari, aniztasunari eta tokiko beharrei egokitzen zaio, izan ere, Gorputz Hezkuntzak kirol praktika anitza, zabala eta inklusiboa behar du (Gallahue, D. eta Ozmun, J. 1998).

Konpetentziak lantzeko erreminta

Oinarrizko konpetentzia motrizaz lantzeaz gain, gure curriculumak eskaintzen dizkigun zeharkako konpetentziak ere oso garrantzitsuak dira gure ikastetxean, eta Gorputz Hezkuntzako arloan behin eta berriz aipatzen ditugu. 

Ikasle ekintzaileak lortu nahi ditugu, autonomiaz jokatzeko gai direnak  eta eguneroko arazoen aurrean konponbideak bilatzen dituztenak. Horrekin batera, elkar errespetatzen eta elkarri laguntzen dioten ikasleak ere lortzea bada gure helburuetariko bat, norberaren eta besteen nahiak, sentimenduak eta pentsamenduak adi entzunez eta  kontuan hartuz. 

Era berean, taldean lan egitea eta taldean ikastea bultzatzen dugu Gorputz Hezkuntzako irakasgaiarekin, nork bere ardurak onartuz eta helburu komunetako lanetan lankidetzan arituz, pertsonen eta iritzien aniztasunak dakarren aberastasuna aitortuta. 

Kirola eta elkarbizitza

Pertsonen eta taldeen artean gertatzen diren gatazkak lantzeko une aproposak izan daitezke arlo honetako eskola orduak.  Pertsonek gatazkak izaten dituzte eguneroko bizitzan, eta gatazka horiek familian, eskolan, jolasetan, kirol-eremuan eta beste esparru askotan gertatzen dira. Jolas kooperatiboak lantzen ditugunean, arazo hauei aurre egiten diegula esan dezakegu, berau baita hauek egitearen helburu nagusia, ikasleak elkarrekintzan aritzea eta helburu konkretuak lortzeko berain artean laguntzea. 

Jolas kooperatiboekin elkarbanatzen eta konfiantza izaten ikasten da, norbanakoaren konfiantza sendotzen laguntzen dute guztiak ondo onartuak direlako eta trabak gainditzeko adorea indartzen laguntzen digutelako, laguntasuna nagusi baita (Fabio Otuzi Brotto 1999).

Aurkaritza jolasak ere lantzen ditugu, bertan lehiakortasuna lantzea xede izanik. Jolas mota hauetan, ikasleen arteko elkarrekintza da nagusi (Parlebas, 1981). Talde honen barruan sartzen dira, besteak beste, bi talde edo gehiago indarrak neurtzen dituzten kirolak. 

Askotariko helburuei erantzuten diete Gorputz hezkuntzako saioek

Ikastetxean, Gorputz hezkuntzako saioetan, trebetasun eta ahalmen fisikoak garatzen ditugu; koordinazioa, erresistentzia, indarra eta abiadura dira horren adibide argia. 

Hauek lantzeko mota askotako ariketak egiten ditugu: aurreko lerroetan aipatutako jolas kooperatiboak,  zirkuitoak, lehiakortasuna lantzeko aurkaritza jolasak, etab. 

Gainera, Euskal Herriko kulturari ere, berebiziko garrantzia ematen diogu, bertan errotuta dauden ariketei so eginez. Bertan sartzen dira, besteak beste, bertako jolas tradizionalak eta bertako kirolak. 

Jarduera fisikoa neurriz eta maiz egitearen garrantzia balioestea ere bada gure helburuetariko bat, norberarekiko nahiz besteekiko erantzukizunezko jarrera erakusteko, eta ariketa fisikoak, higieneak, elikadurak eta jarrera-ohiturek osasunean dituzten eraginak aintzat hartzea. 

Guzti horrez gain, gurean, erlaxazio momentuei ere, garrantzia izugarria ematen diegu, saio bakoitzeko azkeneko tartetxoan beti ere, lasaitasun ariketaren batekin uztartuz; hala nola: masajea, mindfullnes, meditazioa, yoga ariketak, etab. 

Laburbilduz, Gorputz hezkuntzak askotariko balioak eta helburuak ditu, eta horien guztien bidez ikasleen ongizatea bilatzen da. Kirola egiten irakasteaz gain, gure osasunerako duen garrantzia ere erakusten baitu.

Partekatu honen bidés:

Zerikusia duten edukiak

Egon egunean, Jesuitak Durango ikastetxean gertatzen den guztia jakiteko

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?

Lan egin Jesuitak Durangon

Nire curriculuma bidali