Berritasuna ikasturte hasierari itsatsita doan hitza da; lagun berriak, erronka berriak, beldur berriak edota egiteko modu berriak. Baina berritasuna denboran mugatua da, hasi eta bukatu egiten da, ez du jarraipenik. Horregatik, Jesuitak Durango ikastetxean berritasunetik berrikuntzarako saltoan jarri dugu fokua.
Espazioak, metodologia eta materialak egokitu ditugu, belaunaldi berrien beharrei erantzuteko. Komunikazioan, irekitasunean, hartu-emanean eta gertutasunean arreta jartzen duen proiektua da. Eta, 0 urtetik 18 urtera artekoa, hau da, proiektu osoa da.
Urratsez urrats, sei urte hauetan
2017an abiatutako prozesu baten emaitza da gaur egungo metodologia, eta egun ere, aktibo dago, behar berrietara egokitzeko prest. Berrikuntza ardatz duen metodologia propioa.
Duela bost urte gure ikastetxeak aldaketaren premia zuela sumatu genuen; ikasleen beharrak beste batzuk zirela nabaritu genuen eta gure metodologia eta materiala aldatzeko grina piztu zitzaigun. Ikasturte horretatik aurrera, ikaslearen errealitatera hurbiltzen zen proiektu metodologiko propio bat sortu genuen; gure espazioak egokitu eta erantzun berritzaile bat eskaintzeko. Ikastetxeko etapa guztiak bat eginda, aldaketak 0 urtetik 18 urtera bitarteko maila guztietan gertatzen ari dira, modu etengabean.
Haur Hezkuntzako, zein Lehen Hezkuntzako edota DBH eta Batxilergoko espazioak berriztuta ditugu. Ikasleei gure metodologia aurrera eramateko mesedegarriak diren espazioak eskaintzen dizkiegu. Eremu zabalak, bateratuak, sormena piztekoak, argiak, hurbilak, egokituak eta eguneratuak dira.
Bestalde, normaltasun osoaren helmugara heltzeko azken urratsak faltan ditugun bitartean, 22-23 ikasturtea hasia da eta besarkadak, hurbiltasuna eta etxe giroa berreskuratu ditugu. Itxaropentsu eta gogotsu hasten dugu ikasturtea, familia giroan eta hurbiltasuna berreskuratuz. Hemen gaituzue!