Martxoak 8 egunero: emakumeen ahotsak batzeko beharra

Martxoaren 8a hurbiltzen danean, gure inguru guztia kolore morez janzten da, feminismoz janzten gara. “Emakume”, “andra”, “neska”, “feminismo” hitzak hainbat mezutan eta adierazpenetan entzun eta irakurtzen ditugu. Historian arakatuz, arlo eta momentu ezbardinetan protagonismo berezia izan duten emakumeen biografiak azpimarratzen ditugu; gaur eguneko kirol munduan, politika arloan, zientzien esparruan, edo literatura eta kultura alorretan ospetsuak diren testigantzak bilatzen ditugu; bozgorailuen aurrean kokatzen ditugu beraien ahotsak ozen entzun daitezen; argazki eta bideo kamarak emakumeentzat pizten ditugu, beraien begiradak hainbat kartel eta portaden erdigunean jarriz. 

Martxoaren 8an, emakumeek urtean zehar ez daukagun zentralidadea eta protagonismoa errezago gureganatzen dugu. Baina egunero “martxoak 8a” balitz bezala kalera irtengo bagina, zelan gureganatuko genituzke gureak ere izan behar diren espazioak, diskurtsoak eta lidergoak? Zelan erabiliko genituzke gure hitzak, begiradak, keinuak, gorputzak eta mezuak?

Emakumeen ahots ozenak, zuzenak, argiak, eraginkorrak behar ditugu, egunero, gizarte eta mundu honen bazter guztietan ezinbesteko aldaketa sozialean eragiteko. Gure hurbileko eta urruneko testuinguru anitzetan, genero eta sexu diskriminazioak, oraindik ere, gizarte-haustura mingarriak sortzen dituelako. Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna zaintzen eta lehenesten duten politikak ezartzea eta garatzea beharrizan urgentea izaten jarraitzen duelako. Zaintza erdigunean jartzeko beharra eta, era berean, zaintza horiek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra aldarrikapen handienetako bat izaten jarraitzen duelako.

Ahots ozenak, oraindik ere, beharrezkoak egiten zaizkigu: munduan zehar bere lekua ausardiaz hartzen ahalegindu diren ehunka emakumeen bazterkeria- eta kalteberatasun-egoerak salatzen jarraitzen duten ahotsak; neskek eta emakumeek gure gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasan behar dugun gehiegizko presioa, ezarritako edertasun-kanon zorrotza, hipersexualizazioa salatzen duten ahotsak; Berdintasunerako, errespeturako eta indarkeria ezarako hezkidetza-programak bideratzen dituzten ahotsak; kultura matxistari eta indarkeria sexistari aurre egin behar dioten gogoeta eta eztabaida publikoetan entzuten diren ahotsak.

Konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dugun neska, emakume eta feministen ahotsak antolatzea eta batzeak indar handiko erronka izaten jarraitzen du. Durangon erronka honi erantzun ozena, zuzena eta argia emateko  konpromiso irmoa adierazi nahi dugu Jesuitak Ikastetxean: hezkuntza sarean modu aktiboan parte hartuz, eraginez, hezkuntzaren behar etikoa lehenetsiz eta emakumeen kontrako injustiziak salatuz; emakumeak ahalduntzen dituzten eta emakumeenganako indarkeriaren kontra borrokatzen duten elkarte, proiektu eta erakundeei elkarlan zuzena eskeiniz, adieraziz, eskatuz eta bideratuz, beti ere jarrera erantzukide eta eraikitzailetik. 

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×