Jesuiten Etxea: Bidea, etxea, familia

Egoera zaurgarrian dauden etorkinei aukera berria eskaintzea izan da hasieratik Jesuiten Etxea proiektuaren helburua, bizikidetza, prestakuntza, gizarteratzea eta bidelaguntza eskainiz.

Munduko herritarren arteko elkartasun zentzua gero eta garrantzitsuagoa bilakatu da gaur egungo gizartean. Honek, giza eskubideekiko errespetua, parte hartze demokratikoa, justizia soziala, aniztasuna, hezkidetza eta jasangarritasuna funtsezko dimentsio bilakatu ditu herritartasun globalaren ikuspegia partekatzen duten herritarrak prestatzerako orduan.

Gure ikastetxean, hezkuntza proiektu orokorretik eta hiritartasun proiektutik, herritartasun globalaren ikuspegiarekin bat egiten dugu. Horregatik, gure begirada mundura zabaldu nahi dugu. Jesuiten Etxeko proiektuak honetarako aukera ematen digu, gure errealitate hurbileko beharrizan zehatz batean aktiboki eragiteko aukera hain zuzen ere. San Jose Jesuitak ikastetxea ez da hezkuntza proiektu isolatu bat; herriko eragile aktiboa da, eta herrian eragiteko nahia eta gaitasuna dauzka. 


Jesuiten Etxea, 2007tik gaur egun arte

Jesuitek 140 urte inguruko harremana dute Durangorekin, eta denbora horretan zehar, testuinguru ezberdinera egokitzeko gaitasuna erakutsi dute. Horren erakusle da Jesuiten Etxea. 2007. urtean jaio zen Durangon paperik gabeko pertsonen errealitate dramatikoari erantzuteko asmoarekin. Urte horretan, Jesuiten Elkarteko kideek, Juanjo Moreno elkartearen Nagusi izanik eta erabaki zuten beraien etxea baliabiderik ez zuten atzerritarrei irekitzea eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritako jendearekin bizitzen hasi ziren. Ordutik aurrera, argi izan zuten Jesuiten Etxea ez zela aterpetxe edo egoitza bat

Euskadin “familia” bat edo “etxe” bat izan dezaketen gauzarik antzekoena izan da sorreratik Jesuiten Etxea. Egun batetik bestera kultura eta erlijio guztiz ezberdin batean murgiltzen diren pertsonei, isolamendutik ihes egiten lagundu die elkarteak. Izan ere, proiektuak harreraz gain, inklusioa izan du helburu. 

2020an Jesusen Lagundiak Durangoko elkartea itxi zuen, eta horrenbestez Jesuiten Etxearen proiektuak bide berri bati ekin zion. Goazen-Jarraitzen (2020 ekaina-abendua) proiektuaren garapena da gaur egungo Jesuiten Etxea. Eta 2007an sortu zen proiektuaren oinarri berdinak mantentzen ditu: bakarrik eta egoera zaurgarrian dauden gazte atzerritarrei gizarteratze prozesuetan laguntzea bilatzen du egitasmoak, COVID-19 pandemiaren testuinguruan egoitza-irtenbiderik ez dutenei, hain zuzen ere. 

Proiektu honen helburua ez da soilik gazteen etxebizitza eta administrazio premiei irtenbidea ematea, baizik eta komunitatearen eta gazteen arteko topagune bat erraztea, bi aldeetan eragin positiboa sortuz. Proiektuan boluntarioak daude, eta, aisialdiko eta denbora libreko jardueretan parte hartzeaz gain (adibidez, gaztelaniaren ikaskuntzan), zubi-harremana dute gizartearen eta parte hartzen duten gazteen artean


Jesuiten Etxeak elkarlan sare bat osatu du, eta elkarte zein pertsona asko bildu dira bere inguruan. Sare horretan, San Jose Jesuitak ikastetxeak ere ezinbesteko figura hartu du gazteen gizarteratze prozesuan. Hezkuntza da inklusiorako gakoetako bat, eta horregatik, Jesuiten Etxeko gazteek ikastetxeko ekintza ezberdinetan parte hartzen dute. Hala nola, mantentze-lanetako taldearekin batera, etorkizunean baliagarriak izango zaizkien jakintzak jaso dituzte, edota ikasleei beraien bizipenak eta errealitatea lehen pertsonan azaldu diete. Bi norabidetako harremana garatu da, izan ere, elkartruke eta elkarreraginetik ikastea da helburua. Eta modu horretan, gazteak Durangon errotu daitezen lortu gura da. 

Ellacuria fundazioak ere sare horretan rol esanguratsua dauka, Jesuiten Etxetik pasa diren 15 gazteren bidelagun bilakatu da. Beraien jatorrizko herrialdeetatik alde egin eta gero, etxe honek beraien bizi proiektuko protagonistak izateko aukera eman die. Elkartearentzat erronka instituzionala bilakatu da egitasmo hau, eta gainera, gizarte justuago bat eraikitzeko ardura ariketa bat ere bada.

Lotura komunitario horren asmoak, gazteengan eragina izateaz gain, harrerako testigantza positiboak ere sortzen ditu, biztanleriak migratzaileen inguruan sortzen dituen aurreiritziak ezabatuz. Bizikidetzan oinarritutako esperientziatik abiatuta sortutako lekukotasun horiek ere zeharka eragiten diote gizarteari, boluntarioen sare indibidualetan zabaldutako kontakizunen bidez.

Beste behin, ikastetxeak, eta oro har, Jesuiten Elkarteak, eragile aktiboa izan gura du Durangon, herritartasun globalaren ikuspegia herrian txertatuz. Eta herriak ere positiboki erantzun du, harrerarako gaitasuna daukala erakutsiz. 


Kategoria: Inaziotar Izaera

Etiketak: , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×