Jesuiten Etxeari agurra eta eskerrak

2019-2020 ikasturtea berezia izan da Jesuiten elkartearentzat. Ikasturte hasieran erabaki zuten Jesusen Lagundiak Durangon duen elkartea ekainean ixtea. Jesuiten Elkarteko nagusi den Koldo Katxo jesuitak azaltzen duen moduan, Durango eta ikastetxearekin duten harremana ez da desagertuko: “Elkartea ixteak ez du suposatuko, hala ere, gu, jesuitok, Durangotik guztiz joatea ezta ditugun lanak bertan behera uztea ere. Orain gertuago ikusten dugu Jesuiten Etxea proiektuaren jarraipen diferentea erakunde batzuen arteko elkar lanari esker, haien artean gure ikastetxea”.

Ikasturtea amaitzearekin batera agur esan du Durangoko Jesuiten elkarteak, baina “Jesuiten presentziak eta Ignaziotar espiritualtasunak jarraituko dute ikastetxean modu diferentean. Eta beharbada, batek daki, urte batzuk barru jesuita gazteak baldin badaude gure lurraldean, itzuliko garen. Horixe izan baita arrazoia elkarte sj hau eta beste asko ixteko”.

Jesuiten Etxea

Komunitate baten bilakaeraren beraren ondorioz eta konpartitutako amets bategatik sortu zen harrera etxea. 2007an, jesuiten elkarteak egindako dizernimentu baten ostean, Durangoko beharrizan zehatz bati erantzutea erabaki zuten. Proiektu hau beste pausu bat izan zen jesuitek besteenganako beti adierazi duten konpromiso horretan. Beraien agurra heldu den momentu honetan, dudarik gabe esan dezakegu Jesusen Lagundiak bere bizitza eskaini diola ikastetxeko irakaskuntzari eta pastoraltzari, baita Durangaldeko herriarentzako elizako kultua eta jarduera apostolikoak mantentzeari ere.

Inspirazioa

Aita Pedro Arrupek hiru hamarkada lehenago, 1980. urtean, errefuxiatuentzako jesuiten zerbitzua (JRSa) sortu zuen Vietnamen etxetik kanporatuak izan ziren milaka pertsonen egoera latzak hunkituta.

Durangoko komunitateko partaideak eta Jesusen Lagundia, Pedro Arruperen hitzen indarraren garrantziaz ohartu ziren: Elizak ezin dio giza bidegabekeriei bizkarra eman eta profetikoa izan behar du, edozein bidegabekeria salatuz eta mundua leku justuagoa bihurtuz. Hala, 2007an, Arruperen ikasgaia aintzat harturik, eta gogoeta eta hausnarketa luze baten ondoren, erronka berri bat abian jartzeko erabakia hartu zuen Durangoko Jesuiten Lagundiak: migratzaile eta errefuxiatuen alde lan egitea.

Jesuiten Etxean bizi ziren hamar bat apaiz –horietako asko erretiratuak– Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritako jendearekin bizitzen hasi ziren. Kidetasun-sentimendu sendoak eta konpromiso pertsonala izan dira ordutik Jesuiten Etxearen oinarriak. Horri esker, urte guzti hauetan, paperik gabekoen errealitate dramatikoari erantzuna eskaini zaio Durangon bertan.

“Jesuiten Etxea obra sinplea eta xumea da; ez da beharrezkoa doktoratu bat egitea. Ateak irekitzea, begiratzea, entzutea, laguntzea eta arrera ematea da: besteak esan nahi duena sentitzea”. Modu horretan deskribatzen zuten Jesuiten Etxeko kideek beraien lana 2017an, proiektuaren 10. urteurrenean.

Izan ere, proiektuaren helburua izan da, bertatik pasatzen ziren etorkin guztiei bizikidetza aldia, bidelaguntza eta formazioa eskaintzea, egoera administratiboa konpondu arte behintzat. Hasieran, urte baterako, baina gero zailtasunei erantzunez, bi eta hiru urte ere izan dira.

Ikasketak egiteko aukera ere izan dute proiektuan egon diren bitartean, eta bereziki, Jesuiten Etxean aurkitu dutena babesa eta familia bat izan da, aurrera egiteko ezinbesteko laguntza.

Laguntza sarea

Ekimenaren bultzatzaileetako bat eta Jesuiten Elkarteko nagusi den Koldo Katxok dioen moduan, Jesuiten Etxearen inguruan sortu den laguntza-sarea funtsezkoa izan da. Boluntario talde batek eskainitako hizkuntza eskolez gain, guztiek lanbide heziketa jaso dute herrian. Izan ere, Durangon egitasmoaren inguruan ezarri izan den sare-lankidetza “ezinbesteko da”. Ikastetxeak eta Caritas edo JAED, eta, batez ere SARTU  bezalako elkarteek lagun egin diete Jesuiten Etxeko gazteei euren ibilbidean.

Egitasmoak, gainera, San Jose Jesuitak ikastetxearekin ere harreman estua eta aberatsa izan du. Jesuiten Etxean bizi izan direnek ikasleei lekukotzak eskaini dizkiete, errealitate ezberdinak lehen pertsonan ezagutzeko aukera emanez. Gainera, ikasle batzuek ere proiektuan parte hartu izan dute boluntario moduan. 


54 bizitza berri

2007ko udan etorri zen lehen pertsona Jesuiten Etxera eta ordutik 54 etorkin eta errefuxiatu igaro dira egoitzatik. Lagun guzti horiei bizitza berri bat eskaini die egoitzak. Orain baina, harrera etxeari etapa garrantzitsu horri amaiera emateko garaia heldu zaio. Baina gizarteari egindako ekarpena eta harrera etxetik igaro diren lagun horiei eskainitako laguntasunak betiko iraungo du. 

Koldo Katxoren agurra

Ekainaren 30ean ospatu zen agur ekitaldia, eta hauek izan ziren Koldo Katxoren hitzak:

“Ikastetxeari, zuoi, agurra. Zer esan, Elkarteak 179 urte bete ditu, eta ikastetxeak 140. Nik 13 urte bakarrik. Baina zuek, ikastetxe historiko honen aurrean ordezkari lez, hartzazue eskerrik beroenak. Durangon, Jesusen Lagundiaren “buque insignia” ikastetxea izan da eta da, beste apostolutzak gutxitu gabe noski. Baina aurrera doana hamaika zailtasun eta erronken artean. Niri ateratzen zaidana, batez ere, esker ona da. Elkartea, zuek errespetatua eta maitatua sentitu egin delako, beti elkarrekin. Ni neu, pertsonalki, lagunduta ere sentitu naizelako zuen artean. Penarekin eta itxaropenarekin banoa, asko galtzen dudalako alde batetik, itzuliko naizelako itxaropenarekin bestetik; eta, batik bat, esku onetan uzten ditudalako nire ametsak zaintzea eta garatzea:

  1. Fedea eta justizia gazteen artean 
  2. Ignaziotar espiritualtasunaren altxorra 
  3. Euskal kultura, euskara, Euskal Herria eta kulturartekotasuna 
  4. Eliza berria eraikitzen joatea behartsuen alde, etorkinen alde, baztertuen alde. 

Bihotz-bihotzez eskerrik asko zuoi, guztioi, bidelagun izan eta izaten zaituztedalako-zaituztegulako!”



Kategoria: Inaziotar Izaera

Etiketak: , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×