Martxoak 8: Berdintasunean hezitzen

Martxoaren 8a, egubakoitza, Emakumeen Nazioarteko Eguna da; berdintasuna eskatzeaz gain, gizarte eredu parekide baten aldarrikapena egiten da.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak 24 orduko greba deialdia egin du martxoaren 8rako. Bost ardatz izango ditu greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. Fokua batez ere “zaintza gatazkak” izango du, eta lan horiek gizonezkoek egitea eskatzen da.

Baina zergatik greba feminista? Eta zein eragin du hezkuntzan?

Gaur egungo gizartea kapitalista eta patriarkala da. Azken horrek gizonezkoak eta emakumezkoak desberdintzen ditu, bakoitzari rol bat emanez; hau da, haurrak generoaren araberako rolekin hazten dira. Horrek eragin handia dauka hezkuntzan.

Nork bere bidea egiteko askatasuna

Haurrak normatik ateratzeko aukera izan behar du, hau da, bere bidea egiteko aukera, gizarteak jarritako patroietatik askatuz. Horretarako generoak markatutako rolak alde batera utziz.

Haurraren izaera eta erritmoa errespetatu beharra dago, gizarteak jarritako estandarretara hurbiltzeko presiorik egin gabe. Gurasoek beste ezeren gainetik nahi dute umearen zoriontasuna. Baina haurra ohikotasunetik irteten denean, familiak gizartearen presio handia jasaten du haurra markatutako bidera itzul dadin. Izan ere, gizarteak ez ditu ondo ikusten zenbait ezaugarri pertsonal.

Berdintasunean hezi

Gizarteak eragiten dituen presioei aurre egiteko gakoa askatasuna da, hau da, norbera izateko askatasuna. Horretarako funtsezkoa da enpatia lantzea, besteen onarpen maila garatzea. Beste hitz batzuekin esanda, kontzientzia morala garatzea.

Berdintasunean hezteko hiru gaitasun izan behar dituzte haurrek: hausnartzen eta komunikatzen jakitea, norbera izaten ikastea eta elkarbizitza barneratzea. Aniztasuna arazoa baino aberastasuna dela ulertu behar dute. Era berean, patriarkatuak baldintzatutako botere harremanak eta menpekotasunak deseraiki daitezkeela ikasi behar dute. Eta noski, bakoitzak bere bidea, izan nahi duen hori, aukeratu dezakeela.

Nola landu Martxoaren 8a?

Greba feministak hausnarketa eskatzen du, normaltasunarekin bizi diren errealitate ezberdinak erdigunera ekarri eta planto egitea. Hausnartzeko gelditu egin behar baita, egunerokotasunetik irten eta beste prisma batekin aztertu.

Hausnartzeko galderak:

    • Posible da berdin heztea gure gizartean, gure errealitatea ez dela parekidea kontuan izanik?
    • Seme-alaben heziketan, oharkabean, batzuk “prestigio handiagoa” duten balioetan hezten dira eta bestea gutxiago dutenetan. Honen adibide da neska edo mutilei eskaintzen zaizkien produktuak, koloreak, erabiltzen den ahots tonua, janzkera… Kontziente gara alderdi hauetaz?
      Jarrera edo ezaugarri hauen bidez seme-alabek zer dagokion izatea ikasten dute, printzesa izatea ala heroi izatea.
    • Helduok autoanalisia egiten dugu gure diskurtsoa eta praktikak koherentzia izan dezaten?

Umeei askatasunerako bidea zabaldu behar diegu. Horretarako gizartetik edota kanpotik jasotako estimuluen eta ereduen aurrean beste aukera eta erreferente batzuk eskaini behar zaizkie. Mezu alternatiboak jaso behar dituzte kanpotik jasotakoak kudeatu ahal izateko. Eta hori eskolaren eta familiaren eginbeharra da.

Zein da emakumeen egoera munduan?

ALBOAN Fundazioak emakumeen errealitateari buruzko hainbat datu esanguratsu ematen ditu bere webgunean. Azaltzen dutenez, gaur egun,”gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza mundu osoan egiaztatutako errealitatea da” eta ezberdintasun hori frogatzeko hainbat datu ematen dituzte:

  • Emakumeak planetako pertsonarik pobreenen % 60 dira.
  • Alfabetatu gabeko pertsonen bi heren emakumeak dira. Indian bakarrik, irakurtzen edo idazten ez dakiten 245 milioi emakume daude.
  • Landa-eremuetan, hiru emakumetik bakar batek jasotzen du osasun-arreta haurdunaldian.
  • Neskatoak goizago uzten dituzte ikasketak lehenengo eta bigarren hezkuntzan; eta ikasketak uzteko tasa horrek gora egiten du adinarekin batera.
  • Emakumeek bizitza publikoan eta politikon parte hartzeko zailtasunak dituzte. Beren ahotsak entzun eta aintzat hartu daitezen lortzea oraindik ere erronka handia da.
  • Emakume gehienak lanaldi hirukoitza egitera behartuta daude: etxetik kanpokoa, etxean eta beste batzuk zaintzen.
  • Emakumeek enplegu mota ahulenak egin behar izaten dituzte; gehienak lan informalak dira eta, hortaz, prestazioen eta lan-segurtasunaren inguruko gabeziak dituzte.

 

Informazio iturriak

Barquín, A. (2014). Laborategiko baldintzak beharko genituzke gure semeak eta alabak berdin hezteko. Hazi Hezi, 9, 20-25.

Euskal Herriko Greba Feminista: https://grebafeminista.wordpress.com/

Alboan Jesuitek bultzatutako Fundazioa: https://www.alboan.org/eu/zer-egiten-dugu/proiektuak/baztertutako-emakumeei

Emakunde: http://www.emakunde.euskadi.eus/sentsibilizazioa/-/informazioa/2019ko-martxoak-8/

Kategoria:

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×