Atzerriko egonaldiak: hizkuntza ikastea baino askoz gehiago

New Foresteko esperientzia ezin hobea izan da!

Aste bat 28 ikaslerekin igaro ostean, esperientzia hau bizitzea zeinen onuragarria, mesedegarria eta dibertigarria izan den konturatzen gara.

Londresen bi egun pasa genituen, New Foresteko eskola batean murgildu ginen, inguruko familietan elkar biziz eta Titanic-eko ezbeharra aztertzeko aukera izanik, itsasontzia abiatu zen gunea ezagutuz.

Programa honen helburu nagusia ingelesa praktikatu eta hobetzea bada ere, ikasleentzako zein irakasleentzako dituen onurak guk uste ditugunak baino anitzagoak izan dira.

Gure ikasleek bere bizitza osoan gogoratuko duten esperientzia bizi izan dute. Aste batez, euren ohiko testuingurua aldatu dute, beste errealitate batzuk daudela konturatu dira eta bizitzeko modu desberdinez ohartzen dira.  Honekin, gainera, etxean dutena gehiago estimatzen ikasten dute: familia, lagunak, janaria eta eskola, adibidez. Talde harremanetan ere izugarrizko eragina dauka aste honek, bidaia irauten duen bitartean, ikastetxeko lagunek, familia rola hartzen baitute eta haien arteko babesa eta laguntza nagusitzen da momentu goibel edota tristeetan.

Elkarrekin, emozio, zirrara, alaitasun eta urduritasun uneak ere bizi izan dituzte ikasleek. Honez gain, lagun asko egin dituzte, bertako kulturaren berri izan dute eta turismoa egitekoa aukera izan dute. Egoera guztiz berri baten aurrean egoteak, euren autonomia areagotu egiten du eta haien burua hobeto ezagutzean, pentsatzen zutena baino askoz gehiago egiteko gai direla konturatzen dira. Guzti honek, autoestimuan positiboki eragiten du.

Irakasleok holako esperientzietan, ikasleekin hartu eman sendoa daukagu, klasekoarekin konparatuz gero, guztiz desberdina. Barre egiteko, hitz egiteko eta gauzak elkar banatzeko denbora askoz gehiago daukagu eta horrekin hobeto ezagutzen ditugu. Ikasleak ondo daudela ziurtatzea gure lana bada ere; eurekin erlaxatzeko eta harremana sendotzeko denbora asko daukagu.

Profesionalki, beste eskola eta irakasleak ezagutzea oso aberasgarria da. Honetan zorte handia daukagu, gurearekin konparatuz eskola guztiz desberdin batetara joan garelako eta Waldorf metodologia (Rudold Steinerrek sortutakoa) ezagutzeko aukera izan dugulako. Hango klaseetan sartzea baliagarria izan zaigu, adibidez, ondo egiten dugunari indarra emateko eta hobetzeko daukagunaz konturatzeko. Azken finean, hango metodologiak, hausnarketa sakon batera garamatza eta ideia berritzaile askorekin bueltatzen gara, gero, gure lankideekin konpartitzeko.

Guzti honengatik, ikasle zein irakasleok oso pozik gaude gure eskolak eskaintzen dizkigun irteera onuragarri hauetan parte hartu izanagatik.

Maria Amezua, Itziar Lasarte, Maider del Amo

Bidaiaren argazki batzuk konpartitzen dizkizuegu:

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×