Ignaziotar astea ospatzen ari gara astelehenetik ostiralera bitartean

Aste berezia izango da honakoa gure ikastetxean, izan ere, urteroko moduan Ignaziotar astea ospatuko dugu maila guztietako ikasleekin. Urriaren 22tik 26ra gogoratu nahi dugu nortzuk garen, nondik gatozen eta nora goazen eta horretarako ekintza bereziak egingo ditugu.

Gure aurtengo leloari jarraituz, “deiak” entzutera gonbidatu nahi zaituztegu. Are gehiago, erantzutera, edozein abentura erantzun batekin hasten delako.

Gogoratu, ezagutu eta ospatu

Jesuiten ikastetxe bat izanik, ikasleak Jesusen Lagundia eta Jesuiten identitatera hurbildu nahi ditugu, horren inguruko ezagutza osoa izan dezaten. Horretarako, besteak beste, historian zehar garrantzia handia izan duten Jesuitak eta beraien ekimen eta aztarnetan murgilduko gara; Loiolako San Ignaziorekin batera, Xabierko Frantzisko, Ignacio Ellacuria, Pedro Arrupe edota Romero monsinorea.

Ikastetxeko txoko guztietan, ikasgeletan eta eguneko hainbat momentutan Ignaziotar astea ospatzen ari garela atzemango da. Jesuitak nortzuk garen gogoratuko dugu, adin tarte bakoitzera egokitutako ekintza berezien bidez: altxorraren bila, antzerkiak, pelikulak ikusi eta hausnartu, testigantzak eta hitzaldiak konpartitu, mahai-inguruetan eztabaidatu, Jesusen Lagundiko proiektuak eta pertsonak ezagutu…

Astean zehar programa berezia antolatu dugu ikastetxea, etapaz etapako hainbat ekintzekin: Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte gai eta ekintza bereziak antolatu ditugu. Haurrak ere jesuiten bizitzan murgilduko dira otoitzak, abestiak, ipuinak, marrazkien bidez.

LHn altxorraren bila izango da ekintzarik dibertigari eta zaratatsuena. DBHko 1. mailakoek, Xabierko Frantziskoren abenturaren antzerkia egingo dute beraien senideentzat eta LHko 6. mailakoentzat (hilaren 25ean, osteguna, 17:30ean). DBHko 3. mailakoak Loiola bisitatzera joango dira urriaren 26an, Ignazioren abentura hasi zen lekura.

Aurten ere, ohiturari jarraituz, Donostian bizi diren nobizio jesuitak izango ditugu lekuko: txotxongilo, joko, antzerki, mahai-inguru eta beste hainbat ekintzetan. Ikasleentzat aukera paregabea izango da jesuita bokazioa zuzen-zuzenean ezagutu ahal izateko.

Era berean, familiak ere aste honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Horretarako, eguaztenean hitzaldi ireki bat izango dugu ikastetxeko Arrupe Aretoan. Hausnarketarako tarte bat hartzeko asmoz, Txema Auzmendirekin, Jesuiten Elkartera etorri berri den jesuita, barkamen eta berradiskidetzearen inguruko proiektuak konpartituko ditugu (15.30etatik 17.00etara izango den hitzaldian ESPERE proiektuaz gain, Kubako berradiskidetze prozesuak azalduko dizkigu Txemak).

Ezagutu ditzagun Ignacio Ellacuria, Pedro Arrupe eta Romero monsinore

Ignacio Ellacuria (1930 – 1989) Portugaleten (Bizkaia) jaiotako jesuita izan zen. Bere bizitza osoa txiroen alde eman zuen El Salvadorren. Unibertsitate irakasle modua, eta UCAko errektorea izanik, baztertutako gehiengoaren aldeko justiziaren alde jarri zen. Bere konpromiso sendoa eta ahulen defentsa dela eta gobernu militarrarentzat oztopo bihurtu zen. Hori dela eta, 1989ko azaroaren 16ko gauerdian, militarrak unibertsitatean sartu ziren, eta Ellacuria hil zuten, beste bost jesuita eta bi emakumeekin batera. informazio gehiago eskuragarri esteka honetan: serjesuita.es)

Pedro Arrupe Bilbon jaio zen 1907an, kultur eta gizarte-maila oneko familian eta sinesmen sakoneko giroan. 1927an jesuiten nobizio-aldia hasteari ekin zion Loiolan. Bere misiolari bokazioak Japoniara eraman zuen. Yokohama kaira 1938an iritsi zen eta berehala hizkuntza eta kultura ikasteari ekin zion buru-belarri. Hiroshimako bonba atomikoak izugarri jo zuen nobiziotegia zegoen mendiz beste aldeko hiri gunea. Egoera ikaragarri hartan Arrupek, medikuntza ikasketez baliaturik, ospitale bihurtu zuen berton maisua zen nobiziotegia. Bizipen latz hark Aita Arrupe gaztea astindu eta bere izaera finkatzen lagundu zion.

Jesusen Lagundiaren Nagusi Jeneral hautatu zuten 1965eko maiatzaren 22an, Kontzilioa azkenetan zela. Hamarkada korapilatsuak bizi izan zituen: kontzilio ondorengo itxaropenak, fede-justiziaren gatazkak, jesuita andanaren eta apaiz eta erlijioso ugariren alde egitea, askapen teologia, iraultzak, arrazakeria, Lagundiaren zatiketaren azpikeriazko ahaleginak, Espainian Frankoren erregimena, eta abar luzea. Aita Arrupe, 1981ean Filipinetatik eta Tailandiatik zetorrrela, tronbosiak kolpatuta ezgauza geratu zen. Aurrerantzean zazpi urte eta erdi biziko zen Erromako kuriako gaixotegian. 1991ko otsailaren 5ean hil zen, Santa Ageda egunez. Harrez gero, maitea eta miretsia askorentzat izan zenak, horrela jarraitzen du izaten Eliza barruan eta baita Elizatik kanpo ere. Jesusen Lagundia hasi berri da bere beatifikazioaren aldeko bidea (informazio gehiago eskuragarri esteka honetan: serjesuita.es).

Romero monsinoreak Oscar Arnulfo Romero Galdames zuen izena. El Salvadorkoa zen eta San Salvadorreko artzapezpiku izana. El Salvadorreko herria defenditzeagatik, zapaltzaileak salatu zituelako, soldatapeko hiltzaile batek erail zuen, 114 dolar hutsen truke, 1980eko martxoaren 24an. San Salvadorreko minbizidunen ospitaleko kaperan meza ematen ari zela tirokatu zuten eta erail ere. Frantzisko aita santuari esker, santu deklaratu berri du, kanonizatu egin du, alegia; urriaren 14an, hain zuzen ere. Romero artzapezpikua, bere azken hiru urteko artzain-arduran bere ondoan izan zuen herria, batez ere behartsuak, zapalduak, justiziaz egarri eta gose zirenak. Justiziaren eta pakearen aldeko oihua isilarazi nahi izan zuten El Salvadorreko oligarkiak eta armadak, baina aurrera jarraitu zuen (informazio gehiago eskuragarri esteka honetan: jesuitasaru.org).

Kategoria: Inaziotar Izaera

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×