10. Unibertsitate Orientazio Azoka: goi mailako ikasketen hautaketa

Aste osoko azoka izan da aurtengo Unibertsitate Orientazio Azoka. Abenduaren 14tik 18ra bitartean saio presentzialak eta onlineak uztartuz, San Jose Jesuitak ikastetxeko batxilergoko ikasleek informazio osatua jaso dute. 


Aurtengo egoera bereziak ez du ahalbidetu azoka saio irekia egiterik, baina gure ikasleek behar duten informazio guztia izan dezatela bermatu dugu, espazioak, formatuak eta kopuruak egokituz. 


“Zer ikasi nahi dut?” Zalantzaz beteriko galdera izan ohi da urtero-urtero, eta bereziki 2. batxilergoko ikasleentzako erabakia ez da batere erraza. Aukeratzerakoan, norbere gustuak, nahiak eta beharrak ezagutzeaz gain, existitzen diren aukerak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa da. Horregatik, urtero, eta dagoeneko hamar doaz, unibertsitate ezberdinekin jartzen gara harremanetan, beraien eskaintza gure ikasleei gerturatzeko. Ikasleek lehen pertsonan ikusten dituzte formakuntza aukera ezberdinak, eta zalantzak argitzeko aukera dute saio horietan. 


Aurten, Deustuko unibertsitatea, Mondragon unibertsitateko, Nafarroako unibertsitateko, Digipeneko eta Madrileko Unibertsitate Europarreko ordezkariak izan dira gure ikasleekin. 

 


Ikasketa programa ezberdinak ezagutzeaz gain, esperientzia pertsonalak entzutea ere oso aberasgarria da ikasleentzako. Horregatik, ikastetxeko hainbat gurasok beraien esperientzia partekatu dute; ikasle garaitik lan mundura arteko ibilbidea eta gorabeherak azalduz. Testigantza horiei esker, gako ezberdinak barneratzeko aukera izan dute ikasleek; hala nola, etengabeko formakuntzaren garrantzia edota egoera berrietara egokitzen jakiteko gaitasuna; atzerriko esperientziak zein aberasgarriak izan daitezkeen; aldaketak positiboak izan daitezkeela; ala orain gauzak garbi ez izan arren, pixkanaka nor bere bidea egiten joango dela, modu naturalean. 



Gurasoen esperientzia ezberdinez gain, gaur, azokaren azken egunean, Ikasle Ohien mahai-ingurua ere izan dugu. Duela gutxi prozesu bera bizi izan dutenek, hau da, zalantza berberak izan zituztenek, beraien bizipenak azaltzeak balio handia dauka. Modu honetan ikasleen eta ikasle ohien arteko laguntza-katea sortzen da, gaur laguntza jaso dutenak, datozen urteetan laguntza eskainiko dute beraien esperientzia azalduz. 


Orientazio zerbitzu osoa

Azoka mugarri garrantzitsu bat da, baina orientazioa ez da aste bakarreko kontua. Ikastetxeko plan estrategikoan esparru garrantzitsua dauka eta DBHn hasten dugu orientazio ibilbidea gure ikasleekin. Batxilergoko bigarren mailako tutoretza planean berebiziko garrantzia du ikasleak ikasturte osoan zehar orientatzeak

Kategoria: Ikaste-irakaste

Etiketak: , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×