Batxilergoko ikasleei agurra: “Jarraitu zuen ametsei eusten”

Batxilergoko 2. mailako ikasleen agur elizkizuna ospatu genuen maiatzaren 20an. Urte hauetan elkarrekin pasatutako momentuak gogora ekartzeko aukera izan genuen ikasle, familia, hezitzaile eta lagunak elkarrekin.

Orain bizitzako proiektu berriei ekingo dion ikasle taldea ikastetxearen parte izango da betirako, eta era berean, Durango Jesuitak ikastetxea beraiek diren horren parte izango da aurrerantzean ere. Ildo horretatik hitz egin zien Eva Rodriguez zuzendariak ere: “Zuon gurasoekin batera, ikastetxeak lagundu nahi izan du zuon izaeraren eraikuntzan. Erronkaz eta ametsez betetako bide honetan gurasoak be lagun izan dituzue eta izan ditugu”. Bestalde, etorkizunari ausardiaz begiratzeko ere eskatu zien zuzendariak: “Etorkizuneko abentura hau zuen baietzagaz hasi behar da. Hitz bakarra, erradikala, ausarta, konpromisoz betea. Sinesmenaren aldarrikapena da. Gure BAI bakoitza deiadar ausarta eta testigantza da, munduak behar duen fede eta justizia nahiaren baieztapena”. Koldo Katxo jesuitak bere homilian ikasleak zoriondu zituen, lehenengo eta behin, “bizitzaren etapa bat gainditu” dutelako. Urte hauetan zehar ikastetxean landu diren balioetan jarri zuen fokua.  Hainbatetan entzundako hitzak gogorarazi zizkien Koldok: “Ikastetxera sartzen gara ikasteko eta irteten zerbitzatzeko”. Aita Pedro Arruperen hitzak aipatu zituen gure ikastetxearen xedea azpimarratzeko: gure asmoa ez da harroputzen jakinduria bilatzea, mundua hobetzeko jakindurian sakontzea baizik.  Aita Arrupek esaten zuen moduan: “Gizon-emakumeak besteentzako eta besteekin heztea. Besteentzako gizon-emakumeak trebatu, beren buruen eta inguru munduaren arduradunak eta gizarte senidezko eta bidezko bat egiteko zereginean hitza emandakoak”. Azkenik, Moises Urien 2. Batxilergoko tutoreak ikasleen “pentsamendu kritikoa eta eraldatzailea” azpimarratu zituen eta gizarteak horrelako pertsonak, pertsona eraldatzaileak, behar dituela esan zien. Horretaz gain, “Amets eragileei” buruz hitz egin zien gazteei: “17-19 urte bitarte honetan hainbat pausu, hainbat urrats eman dituzue, atzera, aurrera, oker edo zuzenago… eta honako honetan lehen helmuga garrantzitsu batera heldu zarete, Batxilergoa bukatu eta bide berrien atarira, hain zuzen ere. Bide honi ekiteko zuetariko bakoitzak ziur ametsen bati heldu  diola. Jarraitu hegan amets horien atzetik! Desiratzen duzuen horri eutsi errealitate bihurtu bitartean! Urte guzti hauetan zehar, gu irakasleok zuen amets horiei hegalak zabaltzen lagundu badiegu eta hartzen ari zareten norabidean asmatzen lagundu badizuegu, pozarren egongo gara!”. Agur mezua gomendio batekin borobildu zuen Moisesek:

“Bihotzarekin entzun eta bihotzarekin bizi, bidaiatu, maitatu, ikasi, aukerak baliatu eta aprobetxatu eta batez ere: Zuen ondokoaren  zoriontasunagatik borrokatu! Horrela zuek ere zoriontsuak izango baitzarete!”

Kategoria:

Etiketak: , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×