Berdintasunean bizi

San Jose Jesuitak Ikastetxeak bere konpromisoa adierazten du emakumeen eta gizonen aukerak eta berdintasun-jokabideak biltzen dituzten politikak ezartzeko eta garatzeko, inor sexua dela eta zuzen edo zeharka diskriminatu gabe; baita gure erakundean benetako berdintasuna lortzeko neurriak bultzatzeko eta errazteko ere. 


Irakurri konpromisoa hemen.

Testuingurua

Ikastetxe zein gizarte moduan garapen handia bizi izan dugu azken hamarkadetan emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunari dagokionez. 


Neska edo mutila izateak ez dituela pertsonaren izaera, gustuak edota jarrerak definitzen ikasi dugu; norberaren generoa ez dela ez abantaila ez desabantaila izan behar. Jarrera matxistak identifikatzen eta seinalatzen ikasi dugu, mikromatxismoa ere matxismoa dela barneratu dugu, txiste matxista bat ez dela umore mota bat, eta abar luze bat. 



Artxiboko irudia.


Ikasitako guzti horiek ondorengo hiru gauzak erakutsi dizkigute. Lehena, gizarteak aldatu dezakeela, horretarako nahia baldin badago. Bigarrena, aldaketa hori gauzatzeko modu bakarra, emakume zein gizonek elkarrekin lana egitea dela, gizarteko esparru guztietan. Eta hirugarrena, berdintasun osoa lortzeko oraindik asko dagoela egiteko.


Hezkidetza

Sarritan esaten dugu balioetan hezten ditugula gure ikasleak: haurrak helduarora iristean zer pertsona mota bihurtuko diren zehaztu behar duten balioetan. Hezkidetzak, hezkuntza-metodo gisa, berdintasunaren, errespetuaren eta tolerantziaren printzipioetatik abiatzen diren balioak garatzeko bide bat planteatzen du. “Hezkidetzaren helburua berdintasunean oinarritutako hezkuntza-eredu bat da, identitate-aniztasuna errespetatzen duena eta pertsonen garapen integrala ahalbidetzen duena”, diogu gure hezkuntza-proiektuan.



2016-2017 ikasturtean hezkidetza-proiektua abian jarri genuenean, gure ikastetxean autodiagnostiko bat egiteko premia nabarmena ikusi genuen ALBOANen laguntzarekin: “Gure eskola-kulturako funtsezko elementuak identifikatu eta lehenetsi nahi genituen, hezkuntza-praktika inklusiboak eta berdintasunezkoak sustatzeko”. Ordutik, uste dugu hezkidetza dela pertsona guztien garapen integrala bultzatzen duen hezkuntza-prozesua.


Urte hauetan guztietan ikasi dugu berdintasuna ez dela azalpen teoriko batean oinarritutako kontzeptua soilik. Haren esanahia ahalik eta zehatzen argitu dezakegu, baina uste dugu berdintasunean bizitzeak terminoetatik harago joan behar duela: gure portaera, begirada eta keinu pertsonalak eta instituzionalak berrikustea eskatzen digu, pertsona eta gertakarien aurrean jarduteko. Hori da, hain zuzen ere, ikasturte honetan beste urrats bat ematearen arrazoi nagusia. Berdintasun Batzorde bat martxan jartzea erabaki dugu, gure balioekin bat datorren plan bat adostu ahal izateko.



Berdintasun Batzordea

Lau pertsonek osatuko dute sortu berri den batzordea: Jaione Etxebarria, Eva Rodríguez, Ander Alonso eta Iban Quesada. Lantaldeak Berdintasun Plana garatuko dute eta euren zereginen artean egongo dira, besteak beste: eskolan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zaintzea; langileak sentsibilizatzea Aukera Berdintasuna enpresaren politikan sartzearen garrantziaz; erakundearen diagnostiko prozesuan aktiboki parte hartzea; eta Berdintasun Planaren hedapena bultzatzea ikastetxearen barruan, eta haren ezarpena sustatzea. 



Berdintasun Batzordea.


Taldea hasi da dagoeneko lehen bilerak egiten, eta behar besteko denbora eskainiko diogu prozesu honi. Ikastetxe mailako plan bat bada ere, gure hezkuntza komunitatea oso zabala da, eta beraz, eragin eremua ez da ikastetxeko paretetara mugatzen. Durangaldeko eragile, enpresa, erakunde publiko zein norbanako guztiok
berdintasunaren aurrean dugun jarrerak esango du nolakoa izango den etorkizuneko Durango.   


Ikastetxeak ez ezik, Jesusen Lagundiak ere, aurrerapausoak eman ditu arlo honetan. Aurrez esandako moduan, gizarteko esparru guztietan egin behar baita lana, benetako aldaketa bultzatzeko.  


Hala, San Jose Jesuitak Ikastetxeak bere egiten ditu EDUCSIk landutako “Herritartasun globalerako emakumeak eta gizonak. XXI. menderako Jesusen Lagundiko ikastetxeen erronka” dokumentuaren baieztapen hauek: “Genero-berdintasuna da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidea. Hezkidetzaren helburu nagusia da eskolan genero-arrazoiengatik dauden mekanismo diskriminatzaileak desagertzea, bai egitura formalari dagozkionak (ikastetxeko politikak), bai ikastetxeko kulturarekin lotutakoak (printzipioak, misioa eta balioak), bai hezkuntza-praktikarekin lotutakoak (gako pedagogikoak eta metodologiak). (…) Hezkidetza-eskola baten azken helburua da ikaskuntza-irakaskuntza-prozesuan zeharkako ikuspegi bat hartzea, helburuak, metodologiak, edukiak eta harreman-moduak barneratuko dituena eta berdintasunean eta sexuagatiko bereizkeriarik ezean oinarrituko dena. Beste modu baten esanda, ikuspegi bat, pertsona guztiak indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeko balio-, itxaropen- eta portaera-sistema batean prestatzea ahalbidetuko duena, sexuaren arabera hierarkizatuta ez dagoena eta ikasle bakoitzaren garapen aske eta integrala lehentasunezko eta funtsezko helburu duena, estereotiporik gabeko ereduetatik haien gaitasunak ahalik eta gehien sustatuz.


Helburu argiekin, Berdintasun Batzordea abian da, eta hurrengo hilabeteetan xehetasun gehiago emango ditugu.



Albiste erlazionatuak:

Kategoria: Gizarte eragina

Etiketak: , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×