Emakumeen aurkako indarkeria ikusarazten

Indarkeria matxista gaitz sozial bat da, eta pertsona guztiek egin behar diogu aurre, haurrek zein helduek. Hori dela eta, funtsezkoa da arazoa ikustaraztea eta  ikastetxearen inplikazioa; are gehiago gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean.

Esan dugun bezala, indarkeria matxistak adin tarte guztietan dago presente; horregatik, gure ikastetxean errealitate hori adin guztietan jorratzen dugu. Hezitzaile taldeak inork baino hobeto ezagutzen ditu ziklo bakoitzaren ezaugarri eta behar zehatzak. Emakumearen aurkako indarkeria agerian jartzea helburu izanik, joan den ostiralean ikastetxeko ikasle guztiek hainbat jardueratan parte hartu zuten.

 

Txikienek mezu sinple eta argiak behar dituzte, eta horiei esker ikasten dute errespetua zer den, eta beraiek erabakitzen dutela beren gorputzari buruz. Kantukolore taldearen Nire gorputza abestiaren bidez kontzeptu oso garrantzitsuak barneratzen dituzte. Hala, joan den ostiralean Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak kalera atera ziren, eta zirkulu handi bat eginez, errespetuari, askatasunari eta maitasunari buruz hitz egiten duen kantu hau abestu zuten.


Bestalde, Bigarren Hezkuntzako ikasleak gai dira inguruan duten errealitatea aztertu eta iritzi argia izateko. Ez hori bakarrik, besteak kontzientziatzeko bokazioa eta borroka feministan lerrokatzeko nahia ere izan dezakete. Horregatik, pasa den ostiralean gure ikastetxeko talde feministak mezu aldarrikatzailea idatzi eta partekatu zuen gainerako ikasle, irakasle eta gurasoekin; irakasleen babes osoa izanik.

Gure ikastetxean ikasleek pertsona kritikoak eta iritzi propiodunak izaten ikasten dute. Baina, horretaz gain, gazteen ekimenak bultzatzen dira, ongizate komun bat bilatzen duten iritzi horiek partekatzeko espazioak eskainiz.

Hezkidetza: Indarkeria matxistaren aurkako erreminta

Indarkeria matxistaren ikusgarritasuna azaroaren 25etik harago doa. Gizartean aldaketa batek sisteman aldaketa behar du; eta bide horretan, hezkuntza ezinbesteko aliatu da.

San Jose Jesuitak ikastetxean hezkidetzan oinarritutako hezkuntza eredua daukagu. Helburua berdintasunean heztea da, identitate aniztasuna errespetatu eta pertsonen garapen integrala ahalbidetuz. Genero estereotipoak eta rolak saihestuz, ikasleek bere burua modu askeagoan eraikitzeko aukera emango diena, alegia.

Hezkidetza zeharkako elementu positibo bezala ulertu behar da, mutilentzat zein neskentzat, bermatzen baititu berdintasuneko hezkuntzaren garapena eta, aldi berean, genero-indarkeriaren prebentzioa. Informazio gehiago hemen.

 

Azaroaren 25ari erreferentzia eginez, ikastetxeko talde feministaren mezua

Gaur ostirala, hemen elkartu gara ikastetxeko, guraso, ikasle, langile eta irakasleak, astelehenean, azaroak 25, Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Eguna dela gogoratzeko.

Durangaldean, 2018an, indarkeria kasuen %87a genero indarkeria kasuak izan dira. Datu hori kezkagarria da, indarkeria matxistak biztanleria gaztearen artean duen presentziagatik. Kasu kopuruen %62a Durangon izan dira eta gainerakoak Berrizen, Abadiñon eta Elorrion.

Indarkeria matxista gabeko etorkizun bat lortzea da gure helburua. Indarkeria matxistari argi eta ozen ezetz esan nahi diogu, gure egunerokotasunean bizi ditugun egoerak salatu eta ikusarazi, emakume biktimak beti sinistu eta bakoitzak bere esparrutik daukan erantzukizunak onartu.

Hau aldarrikatu nahi dugu:
1. Gure gizartearen oinarria gizon eta emakumeen arteko desparekotasuna da, era askotara azaleratzen den desparekotasuna. 

  1. Emakumeen eskubideen eta askatasunaren aldeko eskari honek gizonen ardura ere izan behar du. 
  2. Asko, izugarri asko dira identifikatzen ez direnak jarrera patriarkalekin, jarrera matxistekin eta, are gutxiago, emakumeak kontrolatu eta jotzen dituen indarkeriarekin. 
  3. Emakumeok ozen erantzuten ari gara, eta lanean jarraitzen dugu eraso berri bakoitza, hilketa berri bakoitza azkena izan dadin. 
  4. Bada garaia gizon apartak agertu eta urrats bat aurrera egin dezaten. Gizon horiek nahi ditugu: errespetatzen dakitenak, baloratzen, laguntzen, partekatzen eta aintzat hartzen dakiten horiek. Eta, jakina, kontrolatzen ez dutenak, inor umiliatu, iraindu, eraso edo hiltzen ez dutenak.

Guzti honengatik beharrezkoa da betaurreko moreak jartzea. Begirada feminista batek hiritartasun justuago bat emango digulako.

Betaurreko moreak eta begirada feminista duten tipo apartak nahi ditugu.

Kategoria: Gizarte eragina

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×