Etxean, gurean

Etxekotze prozesua Haurtzaindegiko hezitzaileen begietatik

2019ko irailaren 2an hasi genuen ikasturtea; emozio, sentimendu ezberdinak gure baitan, ikasturte hasiera guztietan errepikatzen direnak. Etxekotze prozesuaren urduritasuna, ezjakintasuna, elkar ezagutzea… momentu politak baina era berean, gogorrak; hala ere, beti barruan gordetzen ditugunak, bizipenak. Berdin da, hamar edota hiru etxekotze prozesu bizi; bizitako bakoitza ezberdina da.



Lehenengo egunetik besoak zabalik hartzen ditugu haurrak eta familiak. Zuentzako, familientzako, egonezina sortarazten dizuen egunak dira baina jakin, guretzat ere une “potenteak” direla; hala ere, gure poza zuen seme-alabak jasotzerako unean benetakoa da. Egiten dugun honetan asko sinesten dugu eta badakigu, negarrak, oihuak, estres momentuak, etab. biziko ditugula baina hori dana jasotzeko prest gaude. Izan ere, badakigu, etorkizun hurbil batean, zuen seme-alabak zein zuek zein gu, denok, gustura, pozik eta lasai
egongo garela.

Horren isla ditugu oraingo momentuak; gure geletako ateak ireki eta gure txiki batzuk, etxeko zapatilak ipini, familiei patxo handi bat eman eta arrapala batean sartzen dira gugana, besarkada handi bat eman eta nahi duten horretan hasten dira jolasean. Beste batzuk ordea, hain gogo handiz datoz, familia agurtzeko betarik ere ez dutela.

Etxekotze prozesua amaitzen doan heinean, familien eta txikien irribarreak ikusteak asko betetzen gaitu; hor konturatzen gara, benetan ondo egindako lanaz, gure profesionaltasunaz.

Eskerrik asko gugan jarritako konfiantzagatik. Ez dugu inoiz guraso bat ordezkatuko, baina jakin etxean bezala hartzen ditugula zuen seme-alabak, eta zuek baita ere.

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×