Euskara bidelagun txiki-txikitatik

Durangaldearekiko konpromiso zintzoa daukagu eta badakigu gure eskualdea etorkizunean nolakoa izango den erabakiko duten pertsonak hezten ari garela. Durango euskaldun batekin sinesten dugu, horregatik txikitatik euskalduntzearen aldeko apustu garbia egiten dugu ikastetxean, eleaniztasun proiektuaren baitan.

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna

“Gurean, biharko ametsak, gaurko erronkak” direla azpimarratzen dugu behin eta berriz eta ez dira hitz hutsalak. Gure egunerokotasunean euskaraz bizitzeko aukerak zabaldu, euskaraz berba egiteko beharra barneratu, amets hori egi bilakatzeko lan egiten dugu. Gainera, euskara gure oinarri eta izaeran errotuta daukagu: “Ba al zenekien Euskararen Eguna guztiz lotuta dagoela Xabierko Frantzisko deunarekin (gure jesuita misiolaria)? 1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.” (Iturriak: alea.eus, justizia.eus, eu.wikipedia.org


Tantatxo Haur Hezkuntzan: egunero asetzen gaituen euri tanta 

Haur Hezkuntzan euskara da ikasgelako harremanen ardatza eta ildo horretan Tantatxo da gure bidelagun maiteena. Gure hezkuntza komunitatea euskalduntzea, eta batez ere, euskararekiko sentsibilizatzea dugu helburu. Hau horrela, hainbat dira urtez-urte aurrera daramatzagun ekimenak. 

Tantatxo egunero asetzen gaituen euri tanta bat da eta Haur Hezkuntzan bihotz-bihotzez maite dugu. Oso presente daukagu gure egunerokoan. Sarrerako atean dago eta goizero, egun onak ematen dizkiogu eta etxerantz goazenean agurtu ere egiten gara. Hiru urteko geletan, bera da proiektuko gidari eta egunero dator proposamen berriekin edota opariekin.

Durangoko jaiak izan zirenean adibidez, lau eta bost urtekoei barraketara joateko fitxak oparitu zizkigun. Beti ere, euskaraz aritzeko egiten dugun ahaleginagatik eskertzen eta zoriontzen gaitu.

Pasa den astean ere, fin-fin ibili zen lanean eta opari izugarri politak ekarri zizkigun: 54. liburu eta disko azoka hurbil dagoenez, urtero bezala, berbaro elkartekoek San Agustinen antolatzen duten ipuin antzeztuaz eta  erakusketa girotuaz gozatzeko aukera eman digu Tantatxok. Bertara joateko sarrerak oparitu dizkigu. Nola ez, eskertzeko modurik onena badakigu zein den, guk ere berak egiten duen bezala, euskara maitatzen eta euskaraz hitz egiten saiatzen jarraituko dugu.


Datorren asteartean, abenduaren 3an, bere urtebetetzea izango da eta festa izugarri polita daukagu berarekin ospatzeko prest. “RAZ, RAZ, RAZ…TANTATXOK EUSKARAZ” leloa abesteko eta ospatzeko irrikitan gaude.

Eskerrik asko bihotz-bihotzez Tantatxo. Maite zaitugu!

 

Kategoria: Ikaste-irakaste

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×