Familiako kide guztien beharrei erantzuteko diseinatu ditugu aurtengo udalekuak

Sozializatzeko beharra, kalean ibiltzeko beharra, lagun berriak egiteko, euskaraz jarduteko, jolas ezberdinak ikasteko… Asko dira haur eta gazteek dituzten beharrak, eta konfinamenduan emandako denbora luzeak areagotu egin ditu horiek.

Gurasoek ere badituzte beharrak, horietako bat benetako kontziliazioa izatea da. Eskolako proiektu orokorrarekin bat egiten du familien kontziliazioak, horregatik udako aisialdi eskaintzari eutsi egin diogu; egoera berrira egokituta eta berrasmatuta, baina zerbitzua mantenduz. Aisialdi hezitzailearen aldeko apustua egin dugu, udalekuak etapa bakoitzera egokituz.

Gazteentzako abentura mordoa

Arrupe Elkarteak gazteentzako urtero antolatzen dituen kanpamenduak egokitu egin ditugu. Ez dago Baztan eta Orozkora joateko aukerarik, baina bizi garen ingurune pribilegiatuan ere asko dago ezagutzeko; eta gainera, oinarri berdinak landu ahal dira: natura, euskara eta Elkartea. Hurbil dagoena inoiz baino garrantzitsuago bilakatu da pandemia egoera honetan, horregatik Durango eta inguruko naturarekin harreman zuzena bideratzea dute helburu Arrupe Elkarteak antolatutako udalekuek.

Ekainaren 29an hasiko dira udaleku horiek, babes neurri guztiak hartuta, gure inguruneaz gozatzeko plangintza zabal batekin. Irteerak egingo dituzte egunero eta talde txikietan funtzionatuko dute.

Bestalde, auzolandegiak burutze aukerarik egongo ez denez, 1. batxilergoko ikasleentzako ere eskaintza berezia bideratuko da. Indautxuko Jesuitak ikastetxearekin elkarlanean laguntza akademikoan jardungo dute.


Txikienak jolasen bidez ikasten

Korrika, dantzan zein saltoka ibili nahi dute umeek eta horri erantzuteko Lagunekin Hazten zein Udan kirola udalekuak burutuko dira. Beren gaitasunak eta abileziak garatzen eta sendotzen jarraitzeko aukera izango dute proiektu ludiko eta sortzaile ugariren bidez: psikomotrizitatea, jolasak, musika, eskulanak, teknologia berriak…

Ekainaren 22an hasiko dira eta egoera berrira egokituta egongo dira. Horregatik, besteak beste, talde txikietan egongo dira eta soilik goizez izango dira: 09:00etatik 13:30era. 

Udaleku hauekin haurrek erlazionatzeko duten beharrari erantzun nahi zaie, talde txikietan bada ere, beste umeekin harremanak landuko dira. Denetarik egingo dute gaztetxoek: ezagutza jolasak, mendi irteerak, tailerrak, herri kirolak, ur jolasak, ginkana, jolas kooperatiboak… Durangon barrena euskararen erabilera, jolasa eta alaitasuna zabalduz. 


Babesa eta oreka

Protokoloak eta babes neurriak sarri aipatzen dira, eta horiek ahaztu barik, urruntze fisikoaren eta behar emozionalaren arteko oreka mantentzeko ere esfortzu berezia egingo dute hezitzaileek. Luzea izan da konfinamendua, lagunengatik eta ikastetxetik urrun egon dira haur eta gazteak. Horregatik, behar emozionalak ere lehen lerrora ekarri behar dira. Arrupe Elkarteak eta ikastetxeko begiraleek behar horiek asetzeko ahalegin berezia egingo dute aurtengoan. 

Kategoria:

Etiketak: , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×