Gabonetan zein garrantzitsua den elkarrekin amets egitea!

Aurtengo Gabonak desberdinak izango dira, ziurrenik beste modu batean ospatu beharko doguz. Hala ere, sentimendu sakon beretsuekin, ohikoekin, ospatzen saiatuko gara: zoriontasuna, elkartasuna, itxaropena, maitasuna, ilusioa, fedea.

Kristauak garen heinean, gure fedea baikortasunez ez ezik, itxaropenez ere bizi dogu, beste errealitate bat, beste mundu bat posible dela sinesten baitugu. Gabonek bizitzeko modu bat erakusten doskue; egun hauek  bere benetako zentzura hurbiltzen lagunduko  deuskue. Belengo gau horretara bueltatzen doskue; bertan, familia apal baten maitasunak mundua argitzeko besteko indarra izan zuen. 

Bizi doguzan garai hauek, gure testuinguru berezi honek, erronka, egoera eta gatazka desbardinen aurrean jartzen gaituzte. Horri ezin deutsegu uko egin. Baina gutariko bakoitzaren eskuetan dago, pertsona eta talde gisa,  egoera horiei erantzuteko aukeratzen doguzan modu eta jarrerak. 

Aurten Frantzizko Aita Santuaren hitzak aukeratu doguz gure Gabonetako zorion-agurrean. Bizi doguzan garai hauetan, inoiz baino gehiago, eutsiko gaituen, lagunduko deuskun eta elkarri aurrera begiratzen lagunduko deuskun elkarte bat behar dogu. Zein garrantzitsua dan elkarrekin amets egitea!  

Abenduaren 18an Migranteen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Abendualdiagaz batera, momentu egokia da gure testuinguru hurbil eta urrunean ematen diran eta kezkatzen gaituen fenomeno bi ikusarazteko: Bazterkeria eta migrazioa. Ezagutzen doguz  zeintzuk diren fenomeno hauen eragile nagusiak: klima-aldaketa; aukera-banaketa, segurtasun eta enplegurako sarbidean gero eta desberdintasun handiagoa; bazterkeria eragiten duen sistema global batek ezartzen dituen mugak.

Migrazioak eta bazterkeriak gizarte-errealitatearen ezagutza sakonagoa lortzen laguntzen deuskue. Horren erakusgarri dira aniztasuna, abegikortasuna, kulturartekotasuna eta gizarteratzea. Elkarrekin mundu justuago eta bizigarriago bat nola lortu  da gaur gure gizarteak duen erronka. Eta horretarako  gure historiak gogorarazten deusku kultura-aniztasuna aberasten gaituen eta gure etorkizunari itxaropena ematen dion aukera handienetako bat dala.

Jesusen Lagundiaren ikastetxea garen aldetik, gure begiradak eta ekintzek une bateko eta epe laburreko irtenbideetatik haratago joan nahi dabela argi daukagu. Migrazio-fenomenoaren kausak ulertzea, bidean dauden pertsonak ulertzea eta haien errealitateak guregan eragina izaten uztea funtsezkoa da justiziarekin eta berdintasunarekin konprometituko gaituzten aldaketa sakonak sortzeko. 

Guzti horregatik, gure konpromiso instituzionala, eragiteko gaitasuna eta baztertutako pertsonekiko, migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko elkartasunaren eta inklusioaren kultura sustatzeko lana batu nahi doguz. “Jesuiten Etxea” proiektuarekin egiten dogun harrera, tokiko erakundeekiko lankidetza, eragiteko nahia, sentsibilizazioa eta hezkuntzaren bidez, espazio bat sortu nahi dogu giza duintasuna defendatzeko, ulertzeko, laguntzeko eta egitura bidegabeak eraldatzeko.

San Jose Jesuitak Ikastetxeko Elkartearen izenean, Gabon Zoriontsuak eta Urte berri on izan deizuela opa deutsuegu.

 Honegaz batera, pozagaz eta ilusioagaz bizi beharreko datak diranez, gure Hezkuntza Elkartea osatzeagatik eta mundu hau hobetzen jarraitzeko hartutako konpromezuagatik:

“Ororen gainetik, zorionak eta eskerrik asko”


Kategoria:

Etiketak: ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×