Gure hezkuntza proiektua koronabirus garaian

Amaitu dira Aste Santuko eta Pazko asteko oporrak. Durango Jesuitak ikastetxeko hezitzaileok atseden egunak deskantsatzeko eta familiaz partekatzeko aprobetxatu ditugu. Orain, dinamika pedagogikoetara itzultzea tokatzen zaigu energiaz beterik.

Martxoan, larrialdi bati dagokion logikaren baitan, guztiz ezohiko egoera bati aurre egitea egokitu zitzaigun; ez bakarrik hezkuntzaren alorrean, baizik eta gure bizitzako esparru guztietan: gure eguneroko bizitza errotik aldatu behar izan genuen. Egoera berrira denok egokitu behar izan genuen: ikasleak, hezitzaileak eta familiak. Esan genezake gizartea bera bezala, eskolak ere, talde eta komunitate gisa eboluzionatzeko izan dugun gaitasunaren ispiluan ikusten garela orain. (“El aprendizaje en tiempos de pandemia”).

Gure ikastetxean beti azpimarratzen dugu hezkuntza-komunitate bat osatzen dugula: familiak laguntza garrantzitsua dira gure ikasleen ongizatean eta garapenean, eta, beraz, familien eta ikastetxearen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia du egungo larrialdi-egoeran.



Hezkuntza-komunitateko kide, ikasle, hezitzaile eta familia garen aldetik, bizi ditugun hezkuntza-esperientzia eta esperientzia hezitzaile guztiak aprobetxatu behar ditugu: ez gara ikasketa akademikoez ari, baizik eta harremanen, familiaren eta abarren esparruan metatuta dugun esperientzia guztiaz.

Une honetan, hezkuntza-lanaren garrantzia nabarmentzen duten baieztapenekin bat egin nahi dugu: “Argi daukagu, osasun-langileak gizarte eta bizi arretaren lehen lerroan badaude, larrialdi honen erdian irakasle gisa prestatu behar garela, sozialki garena berrosatzen eta zaintzen jarraitzeko: hezitzaileak, beste era bateko zauriak berreskuratzen dituztenak, orain eta gero, konponbidean aktiboki parte hartzeko konpromiso kritikoan heziz. Eta halaxe esan zuen Federico Garcia Lorcak: “Itxaronda korapiloa desegin egiten da, eta fruta heldu”. Argi dugu hezkuntza gaur, inoiz baino gehiago, etorkizunerako itxaropena dela”. (“Resistir-y-actuar-desde-la-pedagogia-en-la-emergencia”)

Aurrekoaren argitan, hezkuntzaren oinarrizkora itzultzeko unea da, gure lan nagusia: lagundu eta hezi.

Bistan denez, hezitzaileen lan egiteko modua aldatu egin da, hezkuntza-larrialdiko egoerak behartuta, baina gure lehentasun eta betebeharrak berberak dira: ikasle guztiei laguntzea. Lehentasun horrek kezka nabaria eragiten digu: lehenik, ikasleen osasun fisikoa eta emozionala, beharrezkoak baitira arlo edo irakasgaien bidez lantzen ditugun eduki eta prozedurei dagokienez beste edozein hezkuntza-lan egiteko.

Aste Santuko etenaldiaren ondorengo lehen astean, ohiko eta beharrezko bilerak egin ditugu hezitzaile guztien artean eta ikasturte bukaera hau abian jartzeko etapa guztietan. Egunero, 08:00etatik aurrera eta egun osoan, hainbat bilera birtual izan ditugu gure proiektua abian jartzeko: Zuzendaritza Taldea, maila guztietako koordinatzaileek osatutako Hezkuntza Proiektu Taldea, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko irakasleek osatutako ziklo taldeak, Hiritartasuna, Berrikuntza eta Pastoraleko taldea…

Lehen aste honetan, arduradun eta hezitzaile guztien arteko gogoeta eta elkarrizketa sistematikorako guneak lehenetsi ditugu. Etapa guztietan eraikitzen ari garen dinamikak eta ikaskuntzak modu kohesionatuan landu nahi izan ditugu hezitzaileen taldeetan.

Konfinamendu-egoera ausardia handiz bizitzen ari diren ikasleei ezin diegu eskatu gure ikasgeletan baleude bezala jokatzeko, gaitasunak erritmo berean eta eskakizun-maila berarekin eskuratzeko. Badakigu ezin dela on-line egin presentziazko ikaskuntza mota bera. Egia esan, une honetan garbi esan dezakegu dena desberdina dela.

Krisi honetan, nabariagoa da gure ingurune hurbilean familia-egoera desberdinak daudela. Denok ezagutzen ditugu errealitate gogorrak; gure familietan ere esperientzia mingarriak izan ditugu. Esperientzia horien aurrean, badakigu tutoreek ikasle guztiei ematen dieten laguntza berezia dela. Ikasleek tutoreekin duten harremanak berebiziko garrantzia hartzen du, horregatik kontu handiz zaindu behar dugu.


“Haurrak erresistentzia-gaitasun handia erakusten ari da”, esan dute “infanciaconfinada.com” web orrian jasotako azterketan. Hezkuntzaren munduan, oso garrantzitsua da hezkuntza-gertaerak nola kudeatu pentsatzeko denbora hartzea, are gehiago, ikastetxeak ixtearen ondorioz presentzia fisikorik ez dagoenean. Bereziki zaindu behar ditugu etxeetan ditugun egoera aldakorrak. Horrek ere familien eta hezitzaileen arteko elkarlana eskatzen du.


Amaitzeko, Aita Probintzialaren hitzak gogorarazten ditugu, apirilaren 14an Hezkuntza Komunitate osora bidalitako bere azken gutunean:

Garen eta ezagutzen ditugun pertsonetatik abiatuta, urrats gehiago eman ditzakegu. Gure indarrak batu behar ditugu pastoral, hezkuntza eta gizarte arloko instituzio gisa, ikasle ohi, familia edo Eliza gisa, behar handiena dutenekin elkartasunean bizitzen laguntzeko eredu berri bat proposatu ahal izateko maila politikoetan erabakitzeko gaitasuna dutenei. Egungo zauriak (gizartekoak, ideologikoak, lurralde arlokoak) orbain bihurtu daitezke Loiolako Inaziok esaten duena egiteko gai bagara, hau da, “hurkoaren esana onetsi” gaitzetsi aurretik. (Gj. 22)

Unea da elkarrekin pentsatzeko eta birplanteatzeko zer den benetan garrantzitsua, baita premiazkoa ere, gaur egungo testuinguruan, zein diren etapa bakoitzeko ikasleen, familien eta irakasleen lehentasunak. Hausnarketa sakon eta zentzuduna eskatzen digu, bai eta posizionamendu argia ere, oraintxe bertan guztiok kezkatzen gaituzten gai jakin batzuen aurrean.



Intereseko lotura osagarri batzuk:

Kategoria: Ikaste-irakaste

Etiketak: , , , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×