Harrera-plana: talde harremanak sendotzen

Ikasgeletan, ikastetxeko espazio hezitzaile guztietan bezala, ikasleen arteko harremanak pisu handia dauka. Familiarekin gertatzen den bezala, gelako lagunak bizitzako zutabe bilakatzen dira neska-mutikoendako, eta horregatik garrantzia handia dauka harreman horiek zaindu eta ikasgeletan konfiantza giroa sustatzeak. Carlos Aldana Mendoza, giza-eskubideekin loturiko hezkuntza-gaietan adituak, elkarbizitza kontzeptura hurbiltzen gaitu: “…elkarbizitzak, bere zentzu osoenean, pertsonen arteko harremanak eta haiek bere inguruarekin dituztenak adierazten ditu, jarrera eta balio baketsuetan oinarritzen direnak (erabateko errespetua, parte- hartzea, giza-eskubideen jardunbidea, demokrazia, duintasuna eta beste jokabide batzuk)” (Hezkuntza Saila: www.euskadi.eus) Horren garrantziaz jabetuta, gure ikastetxean ikasturteari hasiera emateko harrera egunak izaten ditugu lehenengo hiru egunetan. Ikasgai zehatzekin hasi aurretik ikasleen arteko loturak sortu edo berrindartzeko aprobetxatzen ditugu egunok. Dinamika horiek ezinbestekoak dira ikasle berrientzat zein aurreko urteetatik ikastetxean daudenentzat, guztiak taldeko kide sentitzeko eta elkar hobeto ezagutzeko.

Harrera-plana: lau urte talde kohesioa sustatzen

Uda sasoiko opor luzeen ostean berriro errutinara itzultzea ez da erraza izaten inorentzat. Neurri handiagoan edo txikiagoan pertsona guztiei eragiten die, helduei eta haurrei, ikastetxera lehenengo aldiz datozenei zein aurretik ezagutzen dutenei… Oporretan izandako askatasunetik ordutegi zehatzetara eta ikastetxeko egiturara moldatzeak egokitzapen bat eskatzen du. Egokitzapena sarri haurtzaindegiko etapetara soilik zuzentzen da. San Jose Jesuitak ikastetxean uste dugu maila guztietan eman behar zaiola garrantzia egokitzapenari. Aurten laugarren urtez jarraian Harrera egunekin hasi dugu ikasturtea. Harrera-planarekin egokitzapen mailakatua egitea bilatzen dugu, pausuz pausu ikasturte berriak ikasle bakoitzari ekarriko dizkion aldaketak ezagutzeko eta onartzeko: lan ohiturak, ikasgaiak eta ikasgela, irakasleak, ikaskideak, ordutegiak… Horrez gain, ikasketa prozesuaren oinarrian dagoen elkarbizitzarako konpetentzia garatzen hasten dugu harrera egun hauetan. Elkarbizitzarako gaitasuna modu honetan daukagu zehaztuta: Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasunez parte hartzea, eta norberari aitortutako eskubideak eta betebeharrak besteri aitortzea, norberaren zein guztion ongirako. Harrera-planaren baitan egiten diren dinamikak etapa bakoitzeko beharretara egokitzen dira, honako bi esparru hauetan jarririk fokua: batetik, harremanak, ikaskideen ezagutza, aldaketak sortarazten dituen emozioak atera; eta bestetik, taldearekiko ardurak, errespetua, konfiantza, zintzotasuna… Harrera egunetan talde dinamika ezberdinak egiten dituzte etapa guztietako ikasleek. Hiru egun irauten ditu Harrera-planak, lehenengo dinamiketan ikasle bakoitzak bere buruaren aurkezpena egiten du eta elkar hobeto ezagutu ostean, taldeen arteko konfiantza sendotzeko jolasak edo ariketak egiten dituzte. Dinamikak ikasgeletan zein kanpoan izaten dira, baina beti ohiko estrukturetatik kanpo, giro informalago batean. Azkenik, Harrera-planari amaiera emateko, azkenengo egunean ikasle bakoitzak ikasturte honetarako bere helburuak zehazten ditu; kurtso berritik zer espero duen eta zer lortu nahi duen. Aipatutako ekintzez gain, etapa jakin batzuetan irteera bereziak ere egin ditugu elkarbizitza harremanak sendotzeko. Irteera horietan ikasleen integrazio pertsonalerako eta sozialerako gaitasunak garatzeko aukera izaten dute.