Hor, han edo hemen… baina konektatuta!

Pasa den asteko ostegunean momentu hunkigarria eta polita bizi izan genuen gure Haur Hezkuntzako txikiekin. Bizi dugun egoeraren ondorioz, denbora luzea generaman elkar ikusi gabe eta eguneroko hizketalditxoak, jolasak, barre-algarak, besarkadak…. faltan sentitzen  genituen.  

Aurretik egindako bideo dei indibidualetan, umeek zein familiek lagunak faltan sentitzen zituztela eta sozializatzeko beharra zutela jakinarazi ziguten. Guk (irakasleok) ere ikasleekin egunerokotasunean dugun harreman estua mantentzeko nahia geneukan eta besteekin eta besteengandik ikastea garrantzitsua dela uste dugu. Horregatik, taldeko bideo-deiak egitea proposatu genien.   

Bideo-deia egiteko unea iritsi zenean, pantailaren beste aldean alaitasuna, urduritasuna, lotsa…transmititzen zizkiguten aurpegiak aurkitu genituen. Umeek, gurasoek lagunduta, ilusio handiz azaldu zizkiguten azken asteetan egindakoak eta bizitako abenturak.  

Zeregin guzti honetan familien laguntza funtsezkoa izan da. Lerro hauen bitartez familien inplikazioa, konpromisoa eta gertutasuna eskertu nahi ditugu. Zuek gabe bizipen hau ez litzateke posible izango!

Orain, elkarrekin bilduko garen hurrengo hitzordua prestatzen gabiltza. Gutariko bakoitzak esperientzia aberasgarri eta ahaztezin hau gure bizkar-zorroan maitasunez gordeko dugulakoan gaude. 

Hizketaldi, ikaskuntza eta besarkada birtualak ikastetxean laster errealitate bihurtzea espero dugu. Zuek ikusteko irrikitan gaude!





Kategoria: Ikaste-irakaste

Etiketak: , , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×