Ignaziotar astea ospatu dugu urriaren 19-23 bitartean

Urtero bezala, aste berezia izan dugu gure ikastetxean. Urriaren 19tik 23ra, Ignaziotar astean murgildu gara hezkuntza elkarte osoa. 


Urtero ospatzen dugun aste honetan helburu hirukoitza izan dugu; alde batetik, gure sustraietara berriro ere jotzea, Jesusen Lagundia aurkeztu eta sorrera ezagutzeko asmoz. Bestetik, gure misioa zein den gogoratzea, gure inguruan pertsonen zerbitzura egotea, eta azkenik, pertsona bakoitzaren eraldatzeko gaitasuna sustatzea.


Gure aurtengo leloari jarraituz, “ZU ONARTU”, Ignaziok Jainkoa onartzean hartutako erabakira hurbildu ditugu ikasleak. Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte gai eta ekintza bereziak antolatu ditugu aurten bizi dugun egoerari egokituz. Gelan gure ikasleak historian hain garrantzitsuak izan diren eta aztarna utzi duten Jesuiten bizitzetara hurbildu ditugu, Jesuita ikastetxe bezala nortzuk garen gogoratuz. 


Hala nola, HH eta LHn Loilako Ignazioren bizitzaren inguruan gehiago sakondu dute egun horietan. DBHko 1. mailako ikasleek, Xabierko Frantziskoren inguruan hainbat ekintza desberdin landu dituzte: santuaren bizitza ezagutu, bere bidaiak irudikatu eta bere adiskidetasusaren inguruan hausnartu dute. 

DBH 2. mailakoek Pedro Arrupe izan dute eredu eta oinarri; ekintza esanguratsuen artean Arrupek 1980. urtean sortutako SJR (Servicio Jesuita al Refugiado) zer den, zer egiten duen eta zer beharrei erantzuten dion aztertu dute. DBH 3. mailakoek urtero egiten duten Loiolako bisita ez da guztiz bertan behera gelditu eta aurtengoan bisita birtuala egiteko aukera izan dute. Gainera, Ellakuria Fundazioak aurrera eramaten duen Jesuiten Etxeko proiektuko gazte etorkinen bisita berezia izan dute; aberasgarria izan da euren testigantza eta gure munduko beste gazte batzuen errealitatea entzuteko. 

DBH 4. mailako ikasleek Pedro Arrupe eta Ignacio Ellakuria Jesuiten eta beraien ekimen eta aztarnetan murgildu dira egun hauetan.

Batxilergoan, Jesusen Lagundiak dituen Proiektu Sozial desberdinak aztertu ostean (SJR, Alboaneko proiektuak, Fe y Alegría, beste askoren artean), aurkezpen bat prestatzen eman dute astea.


Ohiturari jarraituz, asteartean, Bilbon bizi diren nobizio jesuitak izan genituen lekuko: ikasleak beraiekin egoteko aukera izan zuten hainbat ekintza desberdinetan eta solasaldirako tarteak bilatuz. Ikasleentzat aukera paregabea izan da jesuita bokazioa zuzen-zuzenean ezagutu ahal izateko.  




Urriaren 21ean, hezitzaileok, gure EGI 2025eko ardatzetatik abiatuz, Jose María Guibert SJ, Deusto unibertsitateko errektorea, entzuteko aukera izan genuen. Argitaratu berri duen liburuan (“Para comprender la pedagogía ignaciana”, Mensajero Argitaletxea) aipatzen dituen hainbat klabe elkarbanatu zizkigun gure Ignaziotar izaeran eta gure ikastetxeko Proiektu Estrategiko berrian sakondu ahal izateko. Ondoren, ikastetxeko elizan ospakizun xume batekin egunari amaiera eman genion.


Ostiralean, hilak 23, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek ekitaldiz betetako aste hau itxi zuten, joan den ikasturtean ezin izan zuten Lehenengo Jaunartzea ospatuz. Lagunarteko ospakizuna  izan zen ikastetxeko elizan, irakasle eta katekistekin batera.


Aurten modu berezian egiten du lemak bat Loiolako Ignaziok hartu zuen erabakiarekin. ZU ONARTU, Ignaziok Jesus onartu zuen. Gure helburua hau ikasleei transmititzea da, bizi dezatela gertutik dei horrek Ignaziorentzat suposatu zuen guztia.

Azpilemak esaten duen bezala “Beste su batzuk pizten dituen sua”, Jesus Ignazioren sua/argia izan zen. Nor da gure sua? Nor da bakoitzaren argia? Gure munduak bizi duen egoeraz kontziente egin nahi ditugu gure ikasleak, kontzientzia honek errukitsu izatera eramaten du. Kontziente izatea ez da nahikoa gure barruko izaera ikutzen ez badu. Ez da benetako errukia barruko hunkipen horrek mundura irtetera eta besteengatik lan egitera bultzatzen ez badu. Honek pertsona konprometituak izatera gonbidapen zuzena egiten digu, beste su batzuk pizteko deia egiten digu, ditugun konpetentzia guztiak misio honen zerbitzura jarriz. 

  

Jesus jendeari mintzatu zitzaion berriro:

Neu naiz munduarentzat argia; niri jarraitzen didana ez da ilunpetan ibiliko, baizik eta bizia ematen duen argia izango du.  (Jn 8, 12)

Kategoria: Inaziotar Izaera

Etiketak: ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×