Jon Solaguren: “Harreman estua daukat ikasle askorekin”

Gure ikastetxea askotariko pertsonak osatzen dugu, eta sarri, kanpora begira ikasle zein hezitzaileek protagonismo gehiago izaten badute ere, familia zabala gara.


Mantenimenduko lan-taldea familia horren parte da eta beraien lana oso garrantzitsua da ikastetxearen funtzionamendu zuzenerako. Bizi dugun garai berezian, are garrantzia handiagoa hartu du beraien lanak.


Horregatik Jon Solaguren gertutik ezagutzeko tartea hartuko dugu oraingoan. 2011z geroztik dabil Durango Jesuitak ikastetxean lanean. Patio garbitzen eta Juani esku bat botatzen hasi zen, eta gaur egun mantentze-lanetarako teknikaria da. 



Zeintzuk osatzen duzue mantenimendu taldea?

Hiru kide gara, Juan doa denbora gehien eta ostean Abel eta biok batu ginen taldera. 


Orain gainera komunitateko mutilen laguntza ere badaukagu. Heltzen ez garen gauzak egiten ematen digute laguntza. Jesuiten Etxeko gazteak dira, aurten hasi dira eta beti daude prest esku bat botatzeko.


Zein da mantenimenduko kideek ikastetxean egiten duten lana?

Gure lana da suertatu daitekeen edozein arazo gure erremintekin konpontzea; betiere ahal dugun neurrian. Eta patioa garbitzeaz ere arduratzen gara.


Pertsona askok egiten dugu lana ikastetxean, oso handia da, eta beraz, arazo asko egon daitezke egunean zehar.


Patioan egoten zarenez, ikasleekin ere baduzu harreman berezi bat, ezta?

Bai, bereziki zapatutan lana egiten dudanez, kirol hitzorduei lotuta ikasleekin harremana izateko aukera daukat. Ikasleekin partidua nola joan den komentatzeko aukera izaten dut, eta harreman ona daukat beraiekin.


2011an hasi nintzenez, dagoeneko bederatzi urte igaro dira eta ikasle asko ezagutzen ditut. Hemendik pasatu dira lehenengo DBH, 4. DBH, Batxilergoa… Eta orain Durangon, kaletik ikusten nautenean ere ezagutu eta agurtzen naute. 


Ume askorekin harreman oso estua daukat, eskolan eta kanpoan, eta nire lanaren alderdi hori ere asko gustatzen zait, pozik nago horrekin.


2019an ateratako argazkia. Patioan ikasleekin batera zuhaixkak landatzen.


COVID-19ak esparru guztietan izan du eragin handia. Nola izan da zuenean? Zer egin zenuten ikastetxea itxi zenean, eta nola prestatu zarete bueltarako? 

Konfinamenduan zehar, irakasleak etxetik egiten zuten lana, baina gu hemen egon gara, eskola prestatzen: geletako mahaiak neurrira jartzen, hidrogela komunetan eta geletan, lurreko pegatinak sarrrera-irteerak markatzeko. Gainera, ikasleek ez zeudenez, udan egiten ditugun lan batzuk egiteko ere aprobetxatu genuen.


Orain, egunero hidrogela klasetan eta komunetan jartzeko ardura hartu dut nik. Ikastetxean bost puntu ditugu, irakasleek behar badute handik har ditzaten, eta beste lan batzuen artean, materiala ez dadin falta arduratzen naiz ni. 


Zer irakatsi dizu egoera berri honek?

Norberaren arduraren garrantzia. Arau batzuk jarri diezazukete, baina azkenean norbera arduratu behar da horiek betetzeaz.


Zerbait gehitzea nahiko zenuke?

Oso pozik nagoela nire lanarekin. Gustura nago, hau familia bat modukoa da. 


Kategoria:

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×