Jose Luis Quesada: “Uste dut familiok hobetu egin dezakegula ikastetxeko sarrera-irteeretan”

Jose Luis Quesadak oso ondo ezagutzen du ikastetxea, izan ere, bere umeak gure ikastetxera doaz eta Elkarbizitzako ordezkaria ere bada. Gainera, gaur egun familiak ordezkatzen ditu ikastetxeko COVID taldean, eta bera medikua denez, eskaintzen duen laguntzak balio handia du.




Mediku eta aita zaren aldetik, nola ikusten duzu egoera Durangon eta ikastetxean?


Une honetan Durangoko egoera kezkagarria da. Ikastetxeari dagokionez, lasaitasun egoera mantentzen dugula uste dut. Ikasturtearen hasieran zalantza asko zeuden, beldur asko, baina egunerokotasunak lasaitu egin gaitu. Ikusten dugu nolakoa den neska-mutilen arteko interakzioa, ikasgeletako antolamendua, jantokian… Gure seme-alabak eskolara datozela-eta, lasaigarria da. Kaleko egoerari dagokionez, datuek beren kabuz hitz egiten dute; gora egiten ari dira, eta egoera kezkagarria da.


Kezka horren aurrean, zer gomendio emango zenieke familiei eta ikastetxeari?


Une honetan, gomendio guztiak emanda daude. Eskuen higieneari, maskaren erabilerari, distantziei eta beharrezkoak ez diren esposizio edo bilerei dagokienez, soberan dakigu hori. Agian, noizean behin, gogorarazpen pilula txikiak zabaltzea gomendatuko nuke. Egin beharrekoa badakigu, baina denboraren poderioz ahaztu egin ahal zaizkigu.


Gure pertzepzioa da ikasleek obedientzia handiz eta irizpide handiz eramaten dituztela maskarak eta distantziak. Aita zaren aldetik, zer jasotzen duzu etxean edo ikusten duzu eskolan?


Hasieran, nire umeei galdetzen nienean, maskara behar bezala erabiltzen ez zuten ikaskideak edo aisialdian kentzen zutenak aipatzen zizkidaten. Baina uste dut eskolatik pixkanaka hobetzen joan dela, eta orain neska-mutilek erantzukizuna hartzen dute eta maskara behar bezala erabiltzea zein garrantzitsua den jabetzen ari dira. Atsedenaldia, atseden pixka bat hartzeko eta zerbait jan ahal izateko da, uste dut distantzia mantentzeko ohitura hartu dutela orain. Hobetu beharreko puntua zen, eta lortu dela uste dut.


Horrez gain, eskolako sarrera-irteeretako kontzentrazioak azpimarratuko nituzke, gure ardura baita, familiena, eta ez da ikastetxearen edo haur eta gazteen ardura. Kontzientzia kontua da, baina gero eta gehiago ikusten da familiok gure artean hitz egitean distantziei eusten diegula eta sortzen diren taldetxo horiek gero eta gutxiago direla. Hala ere, garrantzitsua litzateke nabarmentzea, alderdi horretan bai hobetu dezakegula guztion artean.


Orain erantzunkidetasun eta konpromiso garaia da, elkar zaintzeko. Ikastetxeari egiten ari denaz gain, beste zerbait eskatuko zenioke? edo gomendioren bat emango zenuke?


Nire ustez, guraso eta eskolako erabiltzaile naizen aldetik, gauzak ondo daude. Erne egotea, kritikoak izatea eta adi egotea gomendatuko nuke; uneren batean erlaxatzen hasi eta birusa sartzeko segurtasun-arrakalak sor badaitezke.


Eta gainerakoan, nire ustez, oso garrantzitsua da aurrez aurreko klaseekin jarraitzea, egoerak uzten duen bitartean. Oso garrantzitsua da haurrentzat sozializatzea eta prestakuntza ez da berdina online edo aurrez aurre. Baita familientzat ere, gure egunerokotasuna eta antolaketa aurrera eraman ahal izateko.


Gainera, garrantzitsua litzateke teknologia prest izatea, noizbait berriro etxean konfinatu behar badugu ere, indartu beharreko puntua baita.

Kategoria: Erantzukidetasuna

Etiketak: , , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×