Lehen Hezkuntzan astelehenero erronka berri bat

Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleei eta irakasleoi konfinamendu sasoi honetan urrun egotea egokitu zaigun arren, gertu sentitzeko zerbait erakargarria eta dibertigarria planteatu behar genuela pentsatu genuen hasiera hasieratik. Horretarako, etxeko baliabideak erabiliz eta etxekoen inplikazioaz baliaturik, ikasketa esanguratsua lortzeko erronkak bideratzea erabaki genuen.

Horretan dihardugu, hala nola, etxeko zereginekin, norbere gorputz eskemarekin, motrizitatearekin, sormenarekin eta erritmoarekin loturiko froga diferenteak planteatzen ditugu astero. Erronka hauek adin tarte horretan lortu ditzaketen helburu eskuragarriak dira. Haurrek jolas moduan ikusten duten hori, ikasketa eta garapen prozesuaren parte da, eta erronka moduan planteatzeari esker motibatuta egotea lortzen da. Etxean egoteak suposatzen duen berritasuna ohiko bihurtzen denean, txikiak motibatuta izatea oso garrantzitsua da.
Astelehenero, astea gogotsuago hasteko erronka berri bat aurkezten diegu, lortu beharreko emaitza eta bidea adieraziz. Eguneroko lana eta esfortzuaren ondorioz lortzen direnez, aste osoan zehar entseguak egiten eta ekinean aritzen dira. Epemuga iristen denean argazki zein bideo batez lortutako emaitza ikaskideekin konpartitzen dugularik. Erronka mordoxka egin ditugu dagoeneko, besteak beste, irudimena lantzeko aukera izan dugu janaria erabiliz irudiak sortuz; pultsua eta kontzentrazioa elkarlanean ibili dira kartekin dorreak egiteko; eskulanak ere egin ditugu; baita elastikotasuna ere.
Aitortu beharra dago erronken bitartez, gure ikasleengan guretzat orain artean ezezagunak ziren alde batzuk ikusten laguntzen digutela. Eskertzekoa da, oso, jasotzen dugun erantzuna, gure ikasle eta familiak gurekin batera nola hunkitzen diren sentitzea.

Milesker bihotz bihotzez eta adi asteleheneko erronka berriari!


 

Kategoria: Ikaste-irakaste

Etiketak: ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×