Solidaritate Astea: Giza mugimenduak eta harrera

Balioetan heztea da Solidaritate Asteak oinarrian duen helburua. Egunerokotasunean ematen diren jarrerek eta portaerek norberaren balio sistema islatzen dute. Errespetua, bakea, elkarri ulertzea eta laguntzea, indarkeriarik eza, familiaren garrantzia, enpatia… eta baita, ausardia. Ausardia bidegabekerien aurrean planto egiteko, ausardia norberaren balioekin bat egiten ez duten gauzen aurrean erreakzionatzeko.

Baina bidegabekeriak identifikatzeko eta horien aurrean adorea izateko, horiek identifikatzen jakin behar da. Egunerokotasunean normaltasunez bizi den zerbait, agian, ez lukeela horren “normala” izan beharko ikustea.

Horrela, urtero-urtero Solidaritatea Astea martxan jartzen dugu gure ikastetxean, Alboan-ekin batera. Proiektuen araberako metodologiarekin funtzionatzen dugu, aukeratutako gaiaren inguruan adin bakoitzera egokitutako ekintza ezberdinak burutuz; teoria eta praktika uztartuz.

Otsailaren 17tik 21era bitartean Solidaritate Astean murgilduta egon gara. Aste berezia izan da eta landutako proiektuekin batera, aste oso bat solidaritateari eskaintzeak gure ikastetxearentzat duen garrantzia azpimarratzen da; eta ikasleek ere modu horretan barneratzen dute.

Aurtengo leloa Giza Mugimendua eta Harrera: Bide ziurrak urratzen izan da. Erdialdeko Amerikan dauden kolektibo ahulenei (emakume eta LGTBI) bideratutako proiektua da.

Etapa bakoitzean horri lotutako helburu zehatzak finkatu dira, eta horietako batzuk azalduko ditugu jarraian.

Ikastetxeko txikienek, Haur Hezkuntzan, beste errealitate batzuk ezagutu dituzte. Jaiotako lekuaren arabera, bizitza nola aldatu daitekeen ikasi dute. Guztiek batera horma-irudi eder bat osatu dute Giza mugimenduak eta ongietorria leloarekin, munduko errealitate ezberdinak batuz.

 

Lehen Hezkuntzako 3. zikloan ondorengo helburuak landu dituzte:

  • Erdialdeko Amerikako emakume eta LGTBI kolektiboak duten eskubideen ukazioa zein den ezagutu eta ulertzea, sentsibilizazioa eta erantzukizuna areagotzea.
  • Mexiko eta Estatu Batuetara migratzeko duten arrazoia eta egoera ezagutu.
  • Migrazioaren ihesaldi prozesua ezagutu.
  • Adinaren arabera, mundu honetako hiritar gisa konpromiso aktiboagoa garatzea.

Migrazioaren gaira hurbiltzeko modu berezi bat aukeratu dute LH 5. eta 6. mailan: antzerkia. Antzezlanaren bitartez hausnarketarako tartea izan dute; pertsonek beraien jatorrizko herrietatik beste herrietara ihes egin beharraren arrazoiak zeintzuk diren ohartaraziz, zelako egoerak bizi dituzten ihesaldian eta migrazio prozesuan ikusiz.


Horretaz gain, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek, Gorabideko Goratu formazio programa ezagutzeko aukera ere izan dute. Adimen urritasuna duten pertsonekin ikasten izan da aukeratutako gaia eta hori lantzeko Enararen testigantza jaso dute, lehen pertsonan. Enarak adimen urritasuna du, eta ikasleekin partekatu nahi izan ditu bere errealitatea, esperientziak, beharrak eta xedeak.


DBH 4. mailako ikasleak aste osoko proiektuan murgildu dira buru belarri: Zera diote. Egitasmo horren helburua migrazio mugimenduak aztertzea da, arrazoiak eta ondorioak eta batez ere, gure inguru hurbilean duten eragina. Egun bakoitzean ataza ezberdinak landu dituzte. Goizeko lehenengo orduan otoitz berezia egin dute eta arratsaldeko azken orduan egunean zehar egindakoa ebaluatu. Asteari amaiera emateko, jasotako informazioaz eta egindako hausnarketaz bideoa grabatu dute taldeka.


1.
batxilergoko ikasleek Kulturartekotasunaren gaian sartuz, Berdintasunaren alde borrokan proiektua landu zuten: proiektu honek gazteak prestatzea du funtsezko helburu, gizartearen eraldaketan parte hartzeko gai izan daitezen eta euren ingurunearen zein gizartearen hobekuntzarako ekintzak proposatzeko gaitasuna eduki dezaten, desberdintasunezko egoerei buruzko azterketa egin ostean.


2.
batxilergoan La buena mentira filma landu genuen, etika eta legearen inguruko hausnarketa sakonak bideratuz. Horrez gain, Ur Handitan “Arrazakeria eta gazteak” dokumentala ere landu zuten. Aurkezpen interesgarrienak gure Boluntariotza Proiektuko gazteek Arrupe Aretoan batxilergoko ikasle guztientzat egindakoak izan ziren: Zure mugikorrak ezkutatzen dutena, Emakumeak martxan, Harrera/Hospitalidad.

Hezitzaileek ere gogoz hartu dute egitasmoa eta ikasgelatan landutako kontzeptuez gain, barne hausnarketa ere egin dute, solidaritatea oinarri hartuta begiradak EGI25ean jarriz.

Solidaritate Astearen oinarrian, gure hezkuntzak daukan konpromiso argi bat dago: Eraldaketa sozialarekiko dugun bistako konpromisotik, Durangoko eragile aktibo izatea, gure inguruneko benetako kezkekiko gertu, begiak beti irekita eta eskuak luzatuta: https://www.durangojesuitak.org/garena-hitzetan-hezkuntza-eraldatzailea/

Kategoria: Gizarte eragina

Etiketak: , , , ,

Gure newsletter-era harpidetu nahi duzu?


egitasmo estrategikoa


Lotura duten berriak


×